Mikel JAUREGI

DONOSTIALDEAN ERDIA ARGI, BESTE ERDIA AIREAN

Urnietakoa salbu (han EAJ gailendu zelako), duela lau urteko hauteskundeen ostean Donostialdeko udal gobernu guztiak Bilduren esku geratu ziren; baita ordura arte, 1986an udalerri osatu zenetik, PSEren alkatea besterik ezagutu ez zuen Lasarte-Oriakoa bera ere.

Hiriburukoaz gain, Lasartekoa izan zen 2011ko ezustekorik handiena Donostialdean. Ez soilik bozketak utzitako emaitzengatik, baita Udalaren osaketa batzarrean gertatutakoagatik ere. Orain auzitegien deiari erantzun beharrean den Ana Urchueguiaren oinordeko Jesus Zaballos buru zuen PSEren zerrendak batu zuen boz –eta udalbatzako eserleku– gehien, baina ez 25 urteko agintaldiari jarraipena emateko adina: Urchueguiak kooperazioaren alorrean –zehazki Nikaraguako Somoto hirian– ustez izandako jardun iluna argitzeko ikerketa batzordea bultzatu zuen bezalaxe, oposizioak indarrak batu zituen eta Bilduko Pablo Barrio eraman zuen alkatetzara, EAJko zuzendaritzak alderdiko hautagaia babesteko irizpidea lehenetsi zuen arren.

Lau urte geroago, ez dira argi kontuak. Edo bai. Urchueguiaren itzala –sei agintaldiena, bai, baina batez ere berriro komunikabideetako titularretan dugun «Somoto auziarena»– luze ageri da historikoki oso PSOEzale izan den herrian, eta Zaballosek ez dauka erraza gainetik kentzen. Alabaina, baditu aldeko zenbait faktore: batetik, duela lau urte lortu zuen hamar puntuko alde hura (bozen %34tik gora PSEk, %23,8 Bilduk), koalizioak horren erraz jango dion trazarik ez baitauka; eta bestetik, «doña Anaren» itzalak itzal, ez dirudi, inondik ere, jelkideek Barrioren alde egingo dutenik berriro, are gutxiago EAJren eta PSEren arteko balizko akordioarenak sekretutik apenas ezer duen honetan.

EH Bilduren aurkako itun horrek (PPren partaidetza ere ez da baztertzen haren boza beharrezkoa litzatekeen tokietan), azkenean gauzatzen bada, aginte makila eskuz aldatzea ekarriko du Lasarte-Orian. Bestela, EH Bildutik lehen indar izateko aukera benetakoaren mezua zabaldu duten arren, bai litzatekeela ezustekoa. Eta 2011ko zenbakiei erreparatuta, beste zenbait udalerritan ere aukera handia legoke halakorik ikusteko: zehazki, emaitzak estuen izan ziren Andoainen (Bilduk botoen %33,6 jaso zuen, PSEk %27,6 eta EAJk %18,3) eta Errenterian (Bilduk %35,8, PSEk %28,2 eta EAJk %12,6); batuketak egitea aski da.

Bi Irabazi dituen herria

Andoainen gauza kuriosoa gertatu da. Hautagaitzak ofizialki jakinarazi zirenean, bi Irabazi –edo tankerako behintzat– agertu ziren: Irabazi Andoain, batetik, eta Ganemos Andoain, bestetik. Elkarren berririk ez zutela adierazi dute ondoren batekoek eta bestekoek. Irabazi-ko zerrendaburu Jorge Mourinhoren hitzetan, «hilabetez jardun dugu lanean herriko eragile sozialekin batera. Javier Madrazoren sokako zerrenda horren [Ganemos-i buruz ari da] berri jakin genuenean, argi ikusi genuen zuzenean gure aurka datozela. Guk udal ordezkaritzarik ez lortzea dute helburu». Halakorik gertatuko den ezin jakin bihar gauera arte, baina herrian nahasmen handia eragin dute eta horrek ez die askorik lagunduko ez batzuei ez besteei: boza batean eta bestean banatzeko arriskua dago, irizpide handiegirik gabe, gainera.

Andoainen Ana Carrere bezala, Errenterian ere Julen Mendoza alkatetzara berriz iristeko ahaleginean ari da. Amaitu berri den legegintzaldian, 2013ko urtarrilaren 25ean argia ikusitako Eraikiz ekimena nabarmendu da han; eta ez herri mailan bakarrik, nazio mailan baizik. Erreferente esanguratsu bilakatzeraino. Udalerri gutxi baitira Euskal Herrian gatazkak Errenterian adina sufrikario eragin duenik eta, hala ere, urrats garrantzitsua egin baitute: bi aldeetako biktimak elkartuz, gertutasuna bilatuz, udal talde guztien bultzadarekin. Mendoza bera izan zen, estreinako ekitaldi hartan, bere beldurrak onartzen lehena. Euskal Herrian 2011-15 legegintzaldiak utzi duen argazki potenteenetakoa.

Kolore bereko gobernuarekin jarraitzeko aukera handiak dituzten herriak ere badira, historikoki ezker abertzaleak pisu garrantzitsua izan duen (eta gaur ere baduen) plazak: Usurbil, Hernani, Oiartzun, Astigarraga, Lezo eta Pasaia. Izatez, azkenekoan izan ezik (eta hor ere ez zen urruti geratu, 23 puntuko tartearekin gailendu baitzen bigarrenarekiko, PSErekiko), gainerakoetan ezkerrekoen eta subiranisten koalizioak gehiengo osoz irabazi zuen orain lau urte.

Adierazle guztien arabera, 2015-19 legegintzaldiak ez du Urnieta EH Bilduren gobernurik gabeko udalerri bakartzat izango Donostialdean. Hala ere, Urnieta beti-jelkidean bertan ere gauzak ez daude hain argi garaileari dagokionez: duela lau urte 26 boto eskaseko aldea atera zion EAJk koalizioari.