Amalur ARTOLA
SESTAO
Elkarrizketa
ARITZA BERGARA
IDAZLEA

«Eleberrian beste lauzpabost apaiz akabatu behar nituela esan didate»

Euskal mitologiako hainbat liburu argitaratu ostean, «Bajo la sotana. Secretos ocultos e inconfesables» da Aritza Bergara sestaoarrak nobela beltzaren generoan idatzi duen lehen liburua. Adingabeen abusuak burutu dituzten apaizekiko mendeku hiltzailea du ardatz eleberriak.

Euskal mitologiako zenbait liburu idatzi ostean aro berri bat hasteko garaia zela iritzita, Euskal Herrian girotutako nobela beltzari heltzea erabaki du Aritza Bergarak. Lehen eleberrian, adingabeez abusatu duten apaizen mendekuzko hilketa kasuak hartu ditu ardatz. Istorioaren jarraipenean lanean ari dela aurreratu du sestaoarrak.

Gai polemikoa hautatu duzu lehen eleberrirako. Ze dokumentazio iturri erabili dituzu?

Nagusiki beste herrialdeetako prentsan argitaratutako informazioa erabili dut. Estatu espainol mailan badaude kasu batzuk baina Euskal Herrian ez dira asko ezagutzen edo ez dute oihartzunik izan, topatu dudan bakarrenetakoa Gasteizetik Txilera joan zen erlijioso batek izan zituen salaketa kasuak dira.

Adingabeen abusuak benetan kontatu nahi nuenaren oinarri gisa erabili ditut: erlijiosoen hilketak eta horien gaineko ikerketen inguruko nobela beltza idatzi nahi nuen.

Etengabe halako kasuak irakurtzen egoteak gorputzaldi makala utzi behar du...

Bai. Liburua idatzi nuenean ez nintzen argitaratzera ausartu, eta uste dut sentipen horrek eraman nauela argitaratzera. Eleberrian ez dut gaia sobera sakonki aztertu, baina uste dut liburua irakurtzen duenak horren inguruko iritzi kritiko bat izan behar duela eta hori ere sortu nahi nuen. Epilogoan datu batzuk ematen ditut eta abokatu baten ahotan jartzen ditut nik bildutako zenbait informazio. Gertatu dena edo gertatzen ari dena, oraindik ez baita bukatu, instituzioa babestu dutelako eta kasu horiek ez direlako salatu gertatzen da.

Pertsonaia nagusiak bi dira: kasua ikertzen ari den inspektorea eta hiltzaileak transmisore gisa erabiltzen duen kazetaria. Nola eraiki dituzu pertsonaiak?

Ez nuen aldez aurretik pertsonaiak eraiki eta zer paper jokatuko zuten erabaki; idazten nindoan heinean sortu ziren. Inspektorea edozein telesailetan ikusten ditugunen tankerakoa da, kaskagogorra, baldarra, txarto hitz egin eta arauak hausten dituena... Kazetaria gaztea da eta, hiltzaileak bere ekintzaren arrazoia haren bidez gizarteratzen duenez, bi pertsonaiak kontaktuan jartzen dira. Hasieran oso ondo moldatzen ez diren arren, izaten dituzten bizipenen ondotik euren harremana aldatzen joango da.

Euskal Herrian girotu duzu eleberria. Ze paisaia marraztu dituzu?

Nafarroa eta Arabako mugan, Urbasa inguruan abiatzen da istorioa. Inguru horretako apaiz bat hilda azalduko da bertan. Gasteiz ere nahiko aipatzen da, Jarastazu inspektoreak lan egiten duten komisaria bertan dago eta baita kazetariaren lantokia ere. Gero, pixkanaka bestaldera etortzen naiz, Bizkaira; Ubidea, Urkiola, Lemoizen ere badago hilketa bat... Gehien ezagutzen ditudan inguruak dira azken batean.

Ze harrera jaso du liburuak?

Ba bakarren batek esan dit beste lauzpabost apaiz akabatu behar nituela [barrez]. Eleberria egiten hasi nintzen unetik saiatu naiz jendearekin harreman estua izaten. Adibidez, Facebook-en bidez liburuaren azala izango zenaren bi proposamenak jarri nituen eta jendeak hautaketa egin zuen. Sare sozial horren bidez kontaktatu nauten pertsonei eskatu nien liburuaren iritzi kritiko bat bidal zezatela eta gehienek aipatu dute liburuak 300 orrialde baditu ere laburra egin zaiela, arin irakurtzen dela. Gertatzen denarekiko kritikoa dela ere esan didate eta baita amaiera nahiko zabalik geratzen denez bigarren zatia egin behar dudala ere.

Etorriko da bigarren zatirik?

Ez neukan asmorik, egia esan amaierarena ez nuen apropos egin... Kontua da liburu hau ni hurrengo eleberria idazten ari nintzela argitaratu dela. Bigarren horretan pertsonaia berdinak agertzen dira, baina kontakizunak ez du loturarik lehenarekin. Jendearen nahiari nola erantzun pentsatzen hasi eta, orain, bigarrena bukatzen eta aldi berean hirugarrena prestatzen nago. Eta hor bai, berreskuratuko dut istorioa.

Lehendabizikoa zerorrek argitaratu duzu. Zergatik hautatu duzu bide hori?

Aurrekoa ere, mitologiarena, autoedizioa izan zen. Batetik, garai zailak dira eta, bestetik, ez neukan editore batengana joan eta orain hau eta gero bestea aldatzeko gogorik. Liburua bere horretan argitara zedin nahi nuen. Kasu honetan, banatzailearen lana ere guk egitea erabaki dugu. Dena guk kudeatzea.

Eta liburua eskuratu nahi duenak, non lor dezake?

Erraza da. Internet bidez, «bajolasotana@yahoo.es» helbidera idatzi eta zuzenean guk eramaten diogu eta, bestela, posta arruntaren bidez bidaltzen diogu. Kasu horretan ez dugu gehiago kobratzen, liburua 15 euroan dugu. Adibidez, Hego Amerikako jendearekin harremana dut eta Argentinan eta Txilen ehun ale inguru badaude. Eta prezioa bera izan da, merezi duela uste dugulako.