GARA
DONOSTIA

Gipuzkoak beste inork baino gehiago hobetu ditu birziklatzearen emaitzak

Europa eta mundu mailan erreferentzia bilakatu da Gipuzkoa. 2016. urterako gaikako bilketa %60ra iristeko helburua gero eta gertuago dauka. Zero Zaborrek uste du 2015eko emaitzak ikusirik, hondakinak errausteko proiektua baztertuta dagoela nabarmentzekoa dela.

Zero Zabor ingurumen babeserako elkarteak Gipuzkoako hondakinen kudeaketaren inguruko azken lau urteetako balorazioa egin du legealdia amaitzear dagoela kontuan izanik. Orokorrean emaitza positiboak lortzen ari direla uste du eta 2016rako gaikako bilketan jarritako %60ko helburua gero eta gertuago dagoela. Izan ere, «Gipuzkoak Europan beste inork ez bezalako erritmoan hobetu ditu bilketa emaitzak, egindako kudeaketa bikainari esker, eta erreferentzia bihurtu da Europa mailan eta munduan».

«Legegintzaldi hau zaborraren eta errausketaren aroa atzean utzi eta Zero Zabor aroan sartu garenekoa izan da. Hastapenetan gauden arren, inflexio puntua legegintzaldi honetan izan dela garbi ikus daiteke. Gipuzkoan, errauste planta eraikitzeko bidean gauzak oso aurreratuta zeuden 2011. urtean. Hondakin gehienak nahasirik jasotzen ziren, materialak alferrik galduz, dena zabor bihurtuz. Gizon-emakumeok ingurune osasungarri batean bizitzeko dugun eskubidea arriskuan zegoen», azaldu zuten ohar batean. Hala, Zero Zaborrek uste du, 2015ean lortu diren emaitzak ikusirik, hondakinak errausteko proiektua baztertu daitekeela, 250 milioi euro aurreztuz.

Datuen arabera, Gipuzkoako 88 udalerritik 64k %60ko birziklatze tasa hori gainditzen dute eta horrek esan nahi du urte gutxitan gaikako bilketa bikoiztu egin dela. Hala ere, hobekuntza hau ez da berdina izan mankomunitate guztietan, grafikoan ikus daitekeen bezala. «Batzuek ausardiaz jokatu eta etxeko lanak bikain egin dituzten artean, beste batzuen aurrerapena anekdotikoa izan da. Horrek, oraindik hobekuntza tarte handia dagoela erakusten digu», aipatu zuen Zero Zabor taldeak, ondoren banakako balorazioak eginez eta gomendioak emanez.

Mankomunitateak

Urola Kostan bilakaera eskasa izan da. Hondakinen bilketa hobetzeko eztabaida ireki bada ere, hartutako neurriak ez dira eraginkorrak izan. Bost udalerrietatik bakar batek ere ez du hondakinen erdia ere gaika biltzen.

Sanmarkon aurrerapen handiak egin dituzten udalak daude (Usurbil, Hernani, Oiartzun, Lezo, Astigarraga eta Pasaia) baina emaitza apalak dituztenak ere bai (Donostia, Urnieta, Errenteria eta Lasarte-Oria).

Urola Erdian bilakaera ona izaten ari da, baita Tolosaldean ere, nahiz eta urrats erabakigarriak egin ez dituen udalerriren bat badagoen. Sasietan, berriz, oro har oso ona izaten ari da bilakaera denbora gutxian birziklatze tasa biderkatzea lortu baitu, baina badaude hutsune batzuk. Debagoienan, ordea, oso ondo ari dira eta Euskal Herrian 2016rako zehaztutako tasara heltzen lehenengoa izan da.