Rikardo Arregi
2015/5/20
HEMEROTEKA | DEIA

Herri harresia eta garbiketa

Ertzaintzak Gasteizko herri harresia kolpeka desegin eta gero, kezka bakarra gelditu zitzaion Maroto alkateari: nori pasa garbiketaren faktura. Giza eskubideak, ertzainen indarkeria, zaurituen egoera eta gauzatxo horiek guztiak ez dira ezer kale eta plazak garbi mantentzearen beharraren aurrean. Marotok ondo baino hobeto ezagutzen ditu bere hautesleen kezkak: Marotok badaki terrorismoaren kontuarekin tematzen bada, ez duela etekin handirik lortuko (amortizatuta dauka), eta askoz eragingarriagoa dela eskandalu bat sortzea garbiketa dela eta. Begira nola utzi digun jendilajeak Andra Mari Zuriaren Plaza, gure erdigune eta ikur, ez dute Vitoria-Gasteiz maite guk maite dugun bezala. (…)

Garbiketaren kontua horrela eta orain ateratzearena ez da alkatearen harrikada bat-batekoa izan, azken egunetan garbiketaren inguruan gertaera bitxiak bizi izan ditugulako gasteiztarrok; izan ere, Espainiako errege-erreginak maiz etorri dira hirira azken hilabeteetan, bukatuta ez dauden eraikuntzak inauguratzera edo Espainiako bandera urrez brodatuak goardia zibilei ematera, eta hiritarrok konturatu gara errege-erreginek bisitan ikusi beharreko kaleak inoiz baino garbiago eta txukunago zeudela (…). Batzuk garbiketaz arduratuko dira batez ere, laranja koloreko pelukek utzitako ileak nola garbitu hil ala biziko arazo bihurtuz. Zer da horren ondoan kartzelan bidegabeki igarotako urteak? Udal hauteskunde kanpainaren bukaeran gaude, ezer baino garrantzitsuagoa da orain garbiketarena, jakina.