Laura Mintegi
EHUko irakaslea

Abertzaleek elkar ulertzeko beharrizana dute

Labur esateko, EAJk gora egin du hainbat udalerritan, EH Bildu egonkortu egin da apur bat behera egin arren, PSE testimoniala da, PP ia desagerturik dago eta indar politiko berriek lekua hartu dute euskal erakundeetan. Orotara begiratuta, abertzaleek gora egin dute eta nazionalistak ez diren indar politikoek ezkerretara jo dute, eskuineko alderdien kaltetan. Eta eskuinaren boto espainiarrak, antza denez, eskuin abertzaleak jaso ditu. Zeren EH Bilduk ez du boto askorik galdu, baina EAJk bai bereganatu du PPk utzitako boto kopuru dezentea.

EAEn abertzaleak dira nagusi, bien artean gehiengo osoa dutelako eta, behingoz, ez du ematen indar estatalistak mehatxu izan daitezkeenik bertan diseinatzeko eta bertan burutzeko euskal herritarrek erabakiko duten ildo politikoa. Eta abertzaleak ez diren indar politiko berriek, bestalde, sendo aldarrikatzen dute politika beste modu batera egin behar dela, alderdi zaharrenek atzera egin dutelako.

Ezker subiranistaren datuak positiboak ez diren arren, Euskal Herriaren ikuspuntutik ez da panorama gaitzena. Eta bada garaia kaletik eta hautetsontzietatik datorren mezuari arreta jartzeko: abertzaleek elkar ulertzeko beharrizana dute.

Tamalez, EAEn abertzaleak nagusi izan arren, elkarri lepoa emanda ibili ohi dira azken urteetan, baita 2011ko urritik hona joan diren hiru urte luzeetan ere. Puntualki baino ez dute batera jo. Espainiak batu ditu abertzaleak, hori da errealitate tristea. 2014ko urtarrilean elkarrekin joan ziren EAJ eta EH Bildu urteroko manifestaziora, Gobernu espainiarrak debekatu zuenean. 2015ean, debekurik gabe, ez ziren gai izan giza eskubideen aldeko manifestazioa elkarrekin egiteko. Aurretik ere Espainiak bildu zituen EAJ eta ezker subiranista, euskararen eta “Egunkaria”-ren aurkako erasoetan. Erasorik ezean, elkarri mokoka.

Alderdietako buruzagitzek beren oinarriei entzun beharko liekete, eta herri gisa egiten hasi bakarka ezin dutena, batak ala besteak boto-eskukada bat gorabehera nagusi, kontua da bien artean jasotzen dutela herri buruaskia lortu nahi dutenen kopuru osoa. Biak batera nagusi dira zenbaki absolutuetan. Arduragabea litzateke logika espazialari gehiegizko garrantzia emateagatik, bistatik galtzea zein den xede garrantzitsuena, herri buruaskia izatea alegia. Helburua galdu ezean, alferrikakoa da erakundeetako aulkia berotzea.

Tafallak kantatzen badu, kantatzen du Euskal Herriak. Ikusgarria da ikustea nola eman dioten buelta orain arteko egoera politikoari. Eta Nafarroak kantatuko balu, kantatuko genuke euskal subiranista guztiek, alderdi batekoak zein bestekoak izan, Nafarroa izan baitaiteke independentziarako trenaren lokomotorra. Arazo izatetik itxaropena izatera pasa daiteke amen batean. Horretarako egingo dugu lan herritarrok, alderdiekin batera batzuetan, eta alderdiak xaxatzen beste momentu askotan, azken helburuari begiratu ordez, epe laburreko helmugei begira jartzen direnean.