A.K.
donostia

Bizipenen eraginak, animaliak eta errotondako pertsonaiak

Miren Agur Meabek («Bihotzak dun-dun»), Alaine Agirrek («Hau ez da zoo bat!») eta Leire Bilbaok («Errotondan bueltaka») haurrei zuzendutako liburu bana kaleratu dute. Bizipenen eragina, animaliak eta errotonda bateko pertsonaiak dituzte hizpide.

Bihotz taupadak hari gisa hartu ditu Miren Agur Meabek “Bihotzak dun-dun” (Elkar) haurrei zuzendutako lanean –Enrique Morenteren ilustrazioez lagunduta–. Lea neskatoa du protagonista. Eta berarekin batera, Isidro zaharra, erorikoa izan ondoren Learekin batera harreman estua izango duena; «gauza asko eskainiko dizkio mundu zabalean ibilitako gizona delako», aipatu zuen autoreak liburuaren aurkezpenean. Leari bihotzak dun-dun egiten dio. Bizirik egotearen onomatopeia da, hasiera batean behintzat, baina liburuko pasarte bakoitzean ñabardura bat izango du. «Pasartearen arabera erakutsiko ditu zirrara, beldurra, maitasuna, ilusioa, haserrea, poza, lotsa, jakin-mina, intriga, inpotentzia... Emozioen katalogo horretan bihotzaren soinua batzuetan ‘dun-dun’ izango da, baina beste batzuetan ‘duuun’ edo ‘diiiin’ edo ‘durundundun’ ere egingo du Learen bizitasun oihartzun modura», agertu zuen.

«Leak badu berezitasun bat –ohartarazi zuen–, Isidro jausi zen bezala, bera ere erortzen da noizean behin». Tio bibotik, edo Santa Agedako makilarekin estropezu eginez. Ingurukoentzat istripu hutsak direnak, berarentzat errebelazioak izango dira, ordea. Eroriko batean konortea galdu eta «bidaia» bat abiatuko du neskatoak norabait. «Bidaia horiek amets modukoak dira eta beti galdetzen diote lore bategatik. Ea lore bat topatu duen, ea lore hori zaintzen duen... Hala, urte osoa pasako du, jakin gabe zehazki zeren bila dabilen, zer den lore hori eta non dagoen», esan zuen. Puntu horretan Printze Txikiaren mitoarekin lotura egiten du Meabek. «Berak ere badauka arrosa garrantzitsu hori, norberarentzat garrantzitsua dena, zaindu egiten duelako, eta norbera ere bihurtzen da arrosa horrentzat zaintzaile. Horretan ere agertzen da Isidro eta Learen artekoa eta norbera eta norbere ametsen jolasa», gaineratu zuen.

Egitura sinplea baliatu du 100 bat orrialdeko kontakizunean, 30 ataletan banatuta. Azpigaiak ere badirela azaldu zuen idazleak. «Zaharren zaintzaren ardura, sexuen parekidetasuna, desberdinak direnenganako errespetua, izadiaren estimazioa eta jarrera ekologikoak, kulturen arteko harremana, elkarlana, adiskidetasuna eta heriotza».

Animaliak eta errotondak

Alaine Agirre bermeotarrak, bestalde, Zarauzko Udalak banatzen duen Lizardi Saria eskuratu ondotik aurkeztu berri du “Hau ez da zoo bat!” (Elkar) Iratxe Lopez de Munainen ilustrazioekin. Malen du protagonista. Betidanik nahi izan du animaliaz inguraturik bizi, baina kaleko pisu batean ez da erraza, eta gurasoek ez dituzte ikusten eragozpenak baino. Oztopoak oztopo, Malenek aurrera egingo du. Lehenengo, ikasgelako landare eta animaliak zainduz. Gero, andereño Anak oparitutako arrain parea gobernatuz. Eta ondoren etorriko direnak…

Ipuina enkargu bat izan zela aitortu zuen idazleak, bere amak egindakoa. «Haurrentzat idazten hasi nintzenetik eskatzen zidaten idazteko etxeko animaliei buruz eta egia da banuela 10 urtetik gorakoentzat zerbait luzeagoa idazteko gogoa», aipatu zuen. «Hasi nintzen sentsazioak idazten, jakin gabe nola amaituko zen istorioa, zer pasatuko zen ipuinarekin», esan zuen. “Hau ez da zoo bat!” izan zen azken emaitza.

«Dibertigarritzat» jo zuen Agirrek idazketa prozesua eta haurrengan gehiago pentsatu duela adierazi zuen. «Beti pentsatzen duzu irakurleengan, baina kasu honetan beraien barruan sartu nintzen eta idazten nenbilen bitartean nik amaitzen nuen barrezka, kezkatuta, negarrez... Umetako garaiak gogorarazi zizkidan». Eta jarraitu zuen: «Nork ez du eduki nahi izan arrain bat, edo hamster bat, edo txakur bat, edo loro bat... Nire kasuan batekin ez zen nahiko eta zoo bat bihurtu zen. Zoo atsegin eta zoroa».

Leire Bilbaok idatzi eta Eider Eibarrek ilustratuta, “Errotondan bueltaka” (Elkar) lanak Urkoren bizipenak ditu ardatz. Urko, egunero bezala, autobusera igo da eskolara joateko. Eta, egunero bezala, autoz betetako errotonda batean geldituko da autobusa. Urkok izugarrizko txizagura du eta autobusaren geldialdia aprobetxatuko du jaitsi eta errotondan pixa egiteko. Baina autobusak ihes egingo dio eta hantxe geratzea beste erremediorik ez du izango. «Txikiak ginenean Landetara joaten ginen askotan eta gogoan dut nola behin kotxetik atera gintuzten neba eta biok errotondan kamamila hartzera», esan zuen txantxetan ilustratzaileak.

Urkok errotondan topatuko dituen pertsonaiei bizitza ematea izan da bere lana, «enpatia handiz» egindakoa. Errotuladoreen teknikarekin egin ditu, nahiz eta ez izan ohikoa beregan. «Gorriekin eta grisekin oso eroso sentitzen naiz, baina ez berdeekin eta halakoekin. Orduan erabaki nuen egindako koloreekin lan egitea. Zentratu ahal izan naiz pertsonaiak zelan adierazi eta koloreekin errotuladoreek egin dute nire lana», esan zuen.