Alazne BASAÑEZ
Kazetaria
IKUSMIRA

Gure berezko distira itzaltzen dugunean

Herritarren erabakiak marraztutako irudi berriaren inguruan gorpuzten dira azken orduetan makina bat konbertsazio. Mezu eta irudi ugari utzi dituzte atzean hautes- kunde hauek eta argazki berria dugu emaitza. Argazkiaz hitz egitera natorkizue ni ere, baina ez azken honetaz, aldatu ez den irudi bati buruz konbertsatu nahi dut.

Hainbeste mezu eta irudiren artean, erretratu bat bueltan dut buruan; bat ez, bi dira, baina osotasun baten bi aldeak dira, egia esan. 1,70eko altuera izanda 20 kilo pisatzen duen emakumea agertzen da batean; gizon «haragi-bigun osasuntsuak» bestean, «ikono» direnak. 37 urte ditu emakumeak, aktorea da eta anorexiaren kontra borrokatzen hamar urte daramala dio sarean zabaldu den bideoan. Dirua eskatzen du tratamendu zentro berezi batean ingresa-tzeko. Senarrak dioenez, ospitale «arruntek» ez dute kargu egin nahi, egoera oso larrian baitago eta ez dute gerta dakionaren ardura beren gain hartu nahi. Beste erretratuan, orain gutxi arte edertasun maskulinoaren ikono zirenak agertzen dira kilo batzuk hartuta. Leonardo DiCaprio aktorea da, besteak beste, dadbod estiloaren irudia. Neskatxa batek modan jarri zuen hitza; ariketa egin eta jateari uzten ez dioten gizonen «haragi eroria» erakargarria dela zioen mezua birala bihurtu zen. Azterketa sakonik egin gabe, berehalako baieztapena datorkit: emakumeen kasuan, ospetsu ala arrunt izan, ez da halakorik esango.

Aldaketa aldarrikatu da kanpainan. Noiz gauzatuko dugu geure buruan, noiz, poetak dioen bezala, egingo dugu distira gure berezko distiraz?