Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Gerra bat eta bera Sirian eta Iraken

Irakeko Ramadin eta Siriako Palmiran, ia simultaneoki, Daesh-Estatu Islamikoak lortu dituen garaipenek lagunduko zien auziaren funtsa ulertzen Sirian eta Iraken gerra bat eta bera egiten dela jabetzen ez zirenei.

Gerra bat eta bera da ez soilik –ezta ere nagusiki, esango nuke– ageriko protagonistetako bat, Estatu Islamikoa delako hori, bat eta berbera delako inoiz baino asmakeriazkoa den mugaren alde bietan. Eta, logikoki, estrategia bateratuarekin ari delako bere gerra fronte guztietan (labezomorroz jantzitako txoropito kuadrilla bat dela pentsatzen dutenek hobe dute esnatzen hasi). Azken bi mugimendu hauek, adibidez, argi erakusten dute estrategia horren egungo xede bateratua: Damasko-Bagdad komunikazio xiita eteteko ahalegina egitea, funtsean.

Baina haien aurkariak ere bateratuta jokatzen ari direla gero eta argiagoa da, horren nabarmena ez bada ere. Bagdadeko agintari xiitek martxoan Tikrit berreskuratu zutenean, haien hurrengo kontra-ofentsiba Mosulera bideratuko zela aurresaten zuten Mendebaldeko «aditu» gehienek... nahiz eta gudalburu irakiarren ahotik entzuten zena oso bestelakoa zen: «Orain, Falluja eta Ramadi aldera». Hau da, mendebalderantz, Siriarekiko harreman bidea ondo hartu eta segurtatzera. Estatu Islamikoak, azken hordago honekin, kartak ikusteko garaia dela esan du.

Izan ere, joko-mahaiaren beste aldean, Assaden armada tope jota dagoela dirudi. Lau urte hauetan galera ikaragarriak pairatu ditu, eta bere erreklutamendu oinarria ahituta aurkitzen da, defendatu dezakeena eta ezingo duena aukeratu beharrean. Horrek esplikatuko luke Idlib eta Palmira galdu izana, eta ez litzateke harritzekoa Alepon ere amore eman beharra.

Assaden ahulezia kuantitatiboaren ifrentzua Irakeko gehiengo xiitarengan aurkitzen da: boluntarioak sobera... baina batere prestakuntza eta esperientziarik gabe. Eta horixe da orkestra xiitaren buruak, Iranek, oraintxe eman nahi diena: trebakuntza. Horrela da gerragintza.