GARA
IRUÑEA

Iruñea, Baiona eta Eibar, UEUren 34 ikastaro eta 6 jardunaldiren topaleku

Udako Euskal Unibertsitateak «Jardun» ikastaroak aurkeztu zituen atzo Iruñean. Aurten, ikastaroen 43. edizioan, 34 ikastaro eta sei jardunaldi berezi eskainiko ditu Nafarroako hiriburuan, Baionan eta Eibarren, denak euskaraz. Izena emateko epea zabalik dago jadanik.

«Euskal zientziaren komunitatearen eta ezagutzaren topaleku izaten jarraitzeko asmoarekin» aurkeztu zituzten atzo Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) “Jardun” ikastaroak Iruñean. Aurten 43. edizioa izanen dute eta bertan 34 ikastaro eta sei jardunaldi berezi izango dira.

UEUko lehendakari Iñaki Alegriak azaldu zuenez, «euskal unibertsitatearen sarea batzea» dute jomuga. Kurtso hauen bitartez, elkarrizketa, eztabaida, ikasketa, sorkuntza eta trukea bultzatu nahi dituzte.

Ikastaroak homologatuak dira bai Nafarroan bai EAEn eta 70 eta 140 euro arteko prezioa dute, ikasle eta langabeentzako deskontuekin.

Ekainaren 29an emanen zaie hasiera ikastaroei eta uztailaren 22an, amaiera. Ikastaro hauek artea eta musika, giza zientziak, gizarte-zientziak, ingeniaritza eta teknologiak eta zientziak landuko dituzte.

Era berean, jardunaldi bereziak hauexek izanen dira. Alde batetik, ekainaren 6an, “Munduari so: XXI. mendeko inperialismoaren hausnarketa prozesu ezberdinen gakoei erreparatuz” izanen da lehena, Eibarren. Bertan eginen da ere “Elikadura Burujabetza eta Agroekologia ikertzen. Ba ote dago euskal ikertzaile sare bat sortzerik?”, ekainaren 17an. Hurrengo datak ekainaren 25 eta 26a izanen dira eta Iruñera mugituko da “Euskara, estatugintza eta naziogintzaren erdian” jardunaldia.

Azkenik, Eibarren egingo dira uztailaren 1, 2 eta 3an aurtengo edizioaren azkenengo hiru jardunaldiak.