GARA
DONOSTIA

Gipuzkoan oposizioa egiteko oinarriak jarri ditu EH Bilduk

Xabier Olano Gipuzkoako EH Bilduko hautagai nagusiak emaitzak ez direla espero zituztenak izan onartu zuen atzo, koalizioko beste ordezkari batzuek egin duten autokritikan sakonduz. «Egindako akatsetatik ikasi eta asmatu dugun eremuetan eskaintza hobetzen jarraitzeko» asmoa du orain, «gipuzkoar gehiengoaren babesa berreskuratzeko». Bitartean, Batzar Nagusietan EH Bilduren hamazazpi legebiltzarkideek egingo duten oposizio lanerako irizpide nagusiak ezarri dituzte.

Lau dira lehentasunak. Batetik, «erabakitzeko eskubide demokratikoa bultzatuko dugu instituzioetatik», esan zuen Olanok. Bestetik, «krisiak eragindako ondorioei aurre egitea; murrizketa sozial bat bera ere ez dugu gauzatuko ez onartuko». Hirugarrenik, «gardentasunez jokatuko dugu eta instituzioen kudeaketan ustelkeriarik ez egoteko bermea izango gara», gaineratu zuen Olanok. Eta azkenik, «herritarrak erabakien parte izateko prozesuak sustatuko ditugu», ziurtatu zuen.

Oposizioko lan horretarako prest ikusten du bere burua EH Bilduko taldeak. Izan ere, «ondo ezagutzen ditugu Batzar Nagusiak eta Gipuzkoa. Eta ondo baino hobeto ezagutzen dugu EAJren eredua zein den, zeinentzat eta zertarako gobernatzen duen. Eta gutxi batzuen interesak defendatzeko abian jarriko ditugun politiken aurrean gure oposizioa zorrotza izango da», aurreratu zuen Olanok.

Emaitza uste baino kaxkarragoa izan den arren, Gipuzkoan duen indarra gogora ekarri zuen EH Bilduk: 40 udalerritan gobernatuko du eta 17 batzarkide ditu. «Oinarri oso sendoa» delarik, posizio berri batetik aldaketa politiko eta soziala bultzatzen jarraituko duela argi dago.

Bi ereduek hor segitzen dute

Ondoan zuen Ainhoa Beolak ere argi hitz egin zuen: «Emaitza kaxkarrak izan ditugu, ez dugu gure helburua lortu». Gipuzkoako Aldundiarekin eta Donostiako Udalarekin batera, Tolosan, Arrasaten, Zarautzen eta beste hainbat tokitan agintea galdu dutela aipatu zuen.

«Bagenekien oso zaila izango zela 2011ko emaitzei eustea, oso egoera berezian eman zirelako, baina Gipuzkoa osoan izan dugun boto galera esanguratsua da eta autokritika sakona egin behar dugu, zalantzarik gabe», erantsi zuen Aralarreko kideak. Hala ere, lanerako tarte handia ikusten du, «alternatiba bakarra EH Bildu delako. Denbora kontua da EAJk, PSEk eta PPk osatzen duten hirukoteak bultzatuko duen eredua Gipuzkoa krisi egoerara eraman zuen berbera dela ikustea».

Markel Olano eta erraustegia

EAJko Markel Olano, bitartean, Euskadi Irratiko mikrofonoen aurrean egon zen, baina Gipuzkoako Aldunditik bultzatuko dituen politikei buruz ezer gutxi esan zuen. Errauste plantaren egitasmoa berrartuko ote duen galdetuta, lehenik oraingo egoera aztertu behar duela erantzun zuen. Konpromiso hori hartu zuen kanpainan. Hondakinak ez direla Gipuzkoatik kanpora eramango argi omen du.

«Bidegi auzia» da hurrengo ahaldun nagusiak mahai gainean duen arazo garrantzitsuenetakoa. Egun hauetan eman dituen elkarrizketetan esan duenez, gai horri buruz ez hitz egiteko erabakia hartua dute. Halere, hurrengo asteartean albiste izango da berriro gaia, Azpeitiko auzitegian agertzera deitu dituztelako bigarren aldiz orain arteko hiru auzipetuak, tartean Bidegiko zuzendari tekniko izandakoa, AP1eko Arrasate-Eskoriatza zatian lan faltsuak ordaindu ote ziren argitzeko.