Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Ibilgailu motordunei irabazitako espazioa herritarrei eskainiko die Olatu Talkak igandean

Mugikortasunaren gaineko hausnarketa sustatu nahi du Olatu Talkak, bihar hasi eta igandean amaituta, eta, hala, jaialdiaren amaiera ekitaldirako Kontxatik Antiguara doan errepidea itxiko dute.

Bihar abiatu eta igandera bitartean Donostia osoa hartuko du Olatu Talkak, eta jaialdiaren hasiera eta amaiera ekitaldiak mugikortasun jasangarriaren hausnarketarako baliatu nahi dituzte. Hala azaldu zuten atzo prentsaurrekoan Donostia 2016ko zuzendari orokor Pablo Berasteguik, Donostia Kulturako festa ataleko zuzendari Maria Jesus Torresek eta Olatu Talkako antolakuntza taldeko kide Nagore Irastorzak.

Jada iragarria zegoen biharko irekiera ekitaldian 300 txirrindularik hartuko dituztela hiriko errepideak eta, azaldu zutenez, amaiera ekitaldian ere ibilgailu motordunek oinezkoei ebatsi dieten lekua berreskuratzeko aukera izango dute hiritarrek. «Herritarrek egindako festibala da, urte osoko lanaren erakusleihoa, eta aisialdiaz gain ingurumena, berdintasuna, elkartasuna eta mugikortasuna ere gogoan dituena», argudiatu zuen Torresek, jaialdiaren amaiera ekitaldirako Kontxako erlojutik Antiguako tunelera doan errepidea itxi eta espazio horretan denetariko ekintzak egingo direla iragartzeaz batera. «Kontxako pasealekua trafikoz hustuko dugu, oinezkoek ibilgailuek hartutako espazioa berreskuratzeko aukera izateko».

Errepidea 13.00etatik 19.00etara egongo da itxita eta, denbora tarte horretan, gunea «aisialdi zelai» bilakatuko da. Musika eta dantza emanaldiak izango dira nagusi eta bertan bazkaltzeko aukera ere izango da. Nork bere janaria etxetik eraman ahalko du edota bertan jarriko diren postuetan erosi.

Sare sozialetan zuzenean

Olatu Talkaren seigarren aldi honetan 200 ekitalditik gora izango dira eta auzoek aurreko edizioetan baino garrantzia handiagoa izango dute. «Inork ezingo du esan bere auzoan ez dagoenik ezer; hamar puntu ezberdin daude eta, beraz, ez dago etxetik ez irteteko aitzakiarik», ziurtatu zuen.

Auzoetara ez ezik, jaialdia Internetera eta sare sozialetara ere hedatuko da. Batetik, Olatu Talkaren webgunea (olatutalka.eu) egokitu dute, nabigazioa erraztu eta erabiltzaileek 200 ekimenen artean euren gustukoak hautatzea errazago izan dezaten. Bestetik, jaialdiak irauten duen artean sare sozialak bizi-bizi egongo dira. Irastorzak azaldu zuenez, jaialdia «denbora errealean jarraitzeko aukera» eskainiko dute sare sozialek.

Ildo horretan, Facebooken (facebook.com/olatutalka) unean uneko informazioa kontsultatu ahalko da, Twitter-en «kaleko giroa antzeman ahalko da» #olatutalka traola erabilita eta argazkilaritza gustuko dutenek Instagram-en izango dute irudiak partekatzeko aukera.

Berasteguik, bestalde, herritarrei ekimenetan parte hartzeko gonbita egin zien: «Hiria herritarrentzat da, eta kultura ere herritarrentzat da. Olatu Talkak ohikoak ez diren espazio horiek hiritarren esku jartzea ekarriko du».