Aitziber Pz. KARKAMO
Kazetaria

Oraingoan bai

Esparza jauna; zure itsukerian horien berri izan nahi ez baduzu ere, hona hemen bozkatzera joandako zenbait: Aurora eta Mirari, erretiratutakoan bidaiatzeko irrikan, aurreztutakoa gordetzen zien CANen desagerpena bizitzea tokatu zaienak. Ramon, erabili gabeko Navarra Arenan gastatutako dirutzaren jakitun, jaustear dauden frontoietan aritu behar izan duena. Maria eta Orreaga, ama izateko kanpora joan behar izandakoak, Opus-ek aginduta. Idoia, miseria diren diru-laguntzak iritsi ez diren euskaltegian nafarrera irakasten segitu duena. Raul, erietxean ingresatuta, lagunen tuperrei esker jan duena, pribatizatutako catering enpresaren janaria ezin irentsita. Ines, leitzeko borrokan aritutakoa, liburutegi publikoetan liburu falta zela eta. Laura, ama izan nahi ez eta abortatzera kanpora joan behar izan duena. Luis, eskola-materialerako dirurik ez eta herrian eraikitako 1 formularako zirkuituaz harro sentitu behar duena.

UPN ez beste aukerek «Nafarroarekin akabatuko zutela» izan duzu argudio. Zuon politikak izan dira jendartearen errekurtsoen akabatzea eragin dutenak. Orain, nafarren borondatea da zuokin akabatzera datorrena eta aniztasunean oinarritutako eskola publiko eta euskaldunean hazitako Maia, Hodei, Jone, Jon, Lur eta Jule izango dira «estatu arazo» izan den Nafarroaren historia berriaren idazleak.