GARA
ORDIZIA

Ordizian ere planto egin diote 3. mailako azterketari

Lakuako Hezkuntza Saila ikastetxe publiko nahiz hitzartu batzuetan 3. mailan egiten ari den proba ezin izan zuen egin Jakintza ikastolako gurasoek ez baitzituzten euren seme-alabak ikasgelara eraman.

Ordiziako Jakintza ikastolan Lakuako Hezkuntza Sailak atzo ezin izan zuen egin Lomceri jarraituz Lehen Hezkuntzako 3. mailan egiten ari den azterketa, bertako ikasleen gurasoek ez baitzituzten atzo seme-alabak zentrora eraman.

Proba hauek ikastetxe publiko nahiz hitzartuetan egiten ari da Cristina Uriartek zuzentzen duen saila eta, azaldu duenez, emaitzek ez dute ikaslearen curriculumean eraginik. Halere, Lakuak ez du publikoki iragarri zein zentrotan egingo duen proba, eta horrek, hain zuzen, ezinegona eragin du guraso, ikasle nahiz hezkuntza eragileen artean.

Amaia Aierra Jakintza Ikastolako zuzendariak atzo adierazi zuenez, ebaluazioa egiteko ezinbestekoa da gutxienez ikasgelara hamabi ikasle joatea. Atzo kopurua bete ez zutenez, proba bertan behera gelditu zen.

«Gurasoek deitu dute mobilizatzera», argitu zuen Aierrak, erantsiz azterketa ez egiteak ez duela inolako kalterik edo eraginik ikaslearentzat.

Gurasoek kaleratu zuten oharraren arabera, ebaluazio berri hauek DBH eta Batxilergoa amaitzean hezkuntza sisteman txertatu nahi diren «errebaliden aurrerapena» dira.

Atzo egin zuten bezala, ikastolako gurasoek protesta egiteko elkarretaratzea egingo dute gaur, plaza Nagusian.

Norabide berean, aldarrikapenak eta azterketaren aurkako ekimenak egin dituzte, halaber, Laudioko ikastolako gurasoek.

Zehazki, 45 ikasleren gurasoek beren seme-alabek 3. mailako ebaluazio diagnostiko proba egiteko baimenik ez dutela ematen adierazten duen idazkia izenpetu dute. Aldarrikapenarekin bat egin nahi duenak eskutitza sinatzeko aukera du, www.laudioikastola.net webgunean. «Probaren inguruan dagoen informazio urriagatik kezkatuta» daudela diote guraso hauek.