Amalur ARTOLA
DONOSTIA

76. Musika Hamabostaldiak Usandizaga izango du gogoan

Usandizagaren heriotzatik ehun urte bete diren honetan, Donostiako Musika Hamabostaldiak konpositore donostiarraren «Mendi mendiyan» euskarazko operetaren partitura egokitu eta obra kontzertu bertsioan eskainiko dute Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Easo Abesbatzak. Guztira, hamabost emanalditan egongo da presente musikagile donostiarra. Horrez gainera, Kursaalen arituko diren talde handiak ere aurkeztu dituzte jada.

Musika Hamabostaldiari ez zaio ustekabean pasatu Jose Maria Usandizagaren (1887-1915) heriotzaren urteurrena. Orotara, konpositore donostiarraren irudia eta obra hamabost emanalditan egongo da presente 76. edizio honetan eta horien artean bereziena Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren (EOS) eta Easo Abesbatzaren eskutik etorriko da: abuztuaren 22an, “Mendi mendiyan” euskarazko opera eskainiko dute.

Hamabostaldiko zuzendari Patrick Alfayaren hitzetan, jaialdiko lantaldeak «lan handia» egin du Usandizagaren lehen opera izan zenaren partiturak berreskuratu eta orkestrarako egokitzen, eta partitura horiek nahi duenak, copyright gabe, Eresbilen eskura ditzakeela iragarri zuen.

Ekitaldi berezi horrez gainera, Alfayak Kursaalen izango diren orkestra handietako batzuk ere iragarri zituen. Auditoriumerako diseinatutako programari hasiera Mahler Chamber Orchestrak emango dio, bi kontzerturekin. Abuztuaren 1ean Prokofiev, Beethoven eta Mozarten obrak aurkeztuko dituzte eta hilaren 2an Mozarten “Meza do minorrean” emango dute, Andra Mari Abesbatzarekin batera. Obra hori da, “Requiem”-arekin batera, konpositore austriarraren eliz-obra nagusia.

San Petersburgoko Orkestra Filarmonikoak ere hitzordu bikoitza eskainiko du. Juri Temirkanovek zuzenduta, Ravel eta Elgarren obrak interpretatuko dituzte hilaren 17an eta, hurrengo egunean, Sergei Prokofieven “Romeo eta Julieta” eta “Alexander Nevski” emango dituzte, azken hau Donostiako Orfeoiarekin batera.

Abuztuaren 25ean Cadaqueseko Orkestrak hartuko du lekukoa. Rossiniren obran aditua den Alberto Zeddak gidatuko du italiar musikagilearen obrez osatutako programa eta, “Didoren heriotza” eta “Stabat Mater” lanak interpretatzeko Orfeoiaren laguntza izango dute.

Koloniako Irratiko Orkestra Sinfonikoak, bere aldetik, Bartok eta Brucknerren obrak bilduko ditu hilaren 26an eta, 28an, Johannes Brahmsen “Requien alemaniarra” eskainiko du, hau ere Orfeoiarekin batera. Kursaaleko azken saioa Osloko Orkestra Filarmonikoak emango du, abuztuaren 30ean. Vasily Petrenkoren batutapean, Brahms eta Txaikovskiren lanak interpretatuko ditu.

«Tosca» opera

Eszenaratutako operen ohiko hitzordua Pucciniren “Tosca” operak beteko du, abuztuaren 13 eta 15ean. Alfayak azaldu zuenez, berrogeita hamar urte igaro dira opera hori Donostian azkenekoz entzun zenetik eta hirian interpretatuko den ekoizpen berriak Bartzelonako Gran Teatre del Liceuren zigilua darama. Interpretazio lanetan ariko dira EOS eta Ainhoa Arteta, Teodor Ilincai, Roberto Frontali eta David Lagares abeslariak.

Dantzak ere izango du lekurik Kursaalen eta, hala, hilaren 20an Sara Barasek “Voces” bere azken ekoizpena ekarriko du. Bertan, flamenko dantzariak berarengan eragina izan duten maisuak –Paco de Lucia, Camaron de la Isla edota Enrique Morente– ohoratuko ditu.

Victoria Eugenia antzokiak, bere aldetik, hiru emanaldi hartuko ditu. Belcanto erromantikoaren ordezkari nagusienetakoa den Jose Bros tenoreak irekiko du, abuztuaren 4an egitaraua; 10ean Grigory Sokolov pianistak Bach, Beethoven eta Schubert interpretatuko ditu; eta hilaren 24an, “Stradivarias” emanaldi bereziak Schubert edota Rossiniren obrak Police eta Queen gisakoen piezekin uztartuko ditu.

Hamabostaldia abuztuaren 1ean hasi eta 30ean amaituko da, guztira 70 emanaldi bilduko ditu eta sarrerak ekainaren 5ean jarriko dira salgai, www.quincenamusical.eus-en eta Kursaal eta Victoria Eugenian.