Floren Aoiz
@elomendia
JO PUNTUA

Hausnarketa, autokritika eta eraldaketa

Patroi bila ibiltzen gara aunitzetan errealitate deitzen dugun hori ulertzeko. Errepikatzen den joera aurkitu nahiko genuke, batetik, azalpen borobila lortzeko eta, bestetik, etor daitekeena aurreikusi ahal izateko. Oso garrantzitsua izan da patroi biltze hau, aurrerapen handien oinarri izan delarik, baina beste batzuetan, obsesioa bilakatzen da eta konplexutasunaren hormarekin egiten du talka. Errealitatearekin gauza bera gertatzen ahal zaigu, era sinpleegian ulertu nahi izateak lainotzen baitu gogoa, argitu beharrean.

Txio batean sartzen ez diren ideiak susmagarri jotzen direlarik, brotxa lodia garaile gertatzen da. Halaber, dena istantean nahi duen joerak aginduta, antsietateak bultzatutako azalpenak bilatzen ditugu eta honek, azterketarako gaitasuna piztu ordez, ergeldu egiten du. Kultura batzuetan gaizki ikusita dago gai baten inguruan hitz egitea eta erabakitzea jarraian egitea, tarterik gabe. Kolokan jartzen du horrek «dena-xixtubizian-labur-eta-sinple» logika, baina ikasi dut, ene akatsak irakasle izan ditudalarik, aski baliotsua izaten dela, lehen uneko ikuspegia sobera «pixelatuta» agertzen delako maiz.

Patroi bila gabiltza, gauzak horrela, EH Bilduren uzta gazi-gozoaz (zer nagusitzen da ahoan, gatza, azukrea?). Eta bilaketak zer pentsa ematen digu, kudeaketa/oposizioa, lurralde, indar korrelazio, kanpaina, hautagaiak, barne egoera, komunikazio eredua, irudia, jendearekiko harremanak eta estrategia aldagarriak erabat nahasirik agertzen zaizkigulako. Hobe brotxa lodia beste egun baterako uztea, beraz.

Oso pozik Tafallan edo Agoitzen, oso kezkatuta Arrasaten edo Agurainen… gaindi dezagun antsietatea eta patxadaz, baina zorrotz, inolako beldurrik gabe, euforia eta flagelazio joerak alde batera utzirik, zenbatu eta zerrenda ditzagun gure argi eta ilunak, gure gaitasun eta gabeziak, gure asmakizun eta akatsak. Hala eginez gero, indartsuago izanen gara, zinez!