Amagoia Mujika
Kazetaria
IKUSMIRA

Kontatu digutena eta zeharka aditu duguna

Kezkatuta omen daude boterera iritsi berri diren batzuen bizitza ohiturekin. Halako oihartzunak entzuten ari dira hedabide deitzen dituzten haitzulo espainol zenbaitetan. «Aztoragarriak» iruditzen zaizkie, esaterako, Colau familiaren hainbat ohitura.

Adaren amak etengabe gogorarazten omen dio Francok Salvador Puig hil eta ordu gutxira jaio zela bera. Puig Francoren erregimenaren kontrako militante kataluniarra izan zen eta 25 urte zituen heriotza zigorra garrotez aplikatu ziotenean. Ada Colauren amari esanguratsua iruditu eta hala kontatu eta transmititu dio alabari bere bizitzan zehar. Eta zenbait, harritu, kezkatu eta aztoratu egiten dira horrelakoekin.

Amarekin gutxi ez eta semearekin ere hartu dute seta. Seme txikia dauka Adak, hiruzpalau urtekoa, eta ohitura bitxia omen dauka: Kalean doala Stop seinaleak ikusten dituenean aldarrika hasten omen da, «sí se puede» oihukatuz. Nonbait kaleratzeen aurkako plataformaren logoaz gogoratzen da Stop seinaleak ikustean. Eta horrekin ileak tente jartzen zaizkie iritzi-emaile espainolei.

Bakoitza ikusi duguna, ikasi duguna, zuzenean kontatu digutena eta zeharka aditu duguna gara. Horrek guztiak eraiki eta deseraiki gaitu. Berdin Ada Colau, bere ama, bere semea, iritzi-emaile aztoratuak, zu eta ni.

Horregatik segur aski denak ez gara gauza berdinekin kezkatzen eta aztoratzen; barrea eta negarra ere kolore desberdinekoak ditu bakoitzak.

Marotoren inguruko txikitxoek zer egiten dute zebra-bidean beren azal kolore desberdina duen norbait ikustean?