EDITORIALA
EDITORIALA

Legeak ez betetzeko esfortzu ikaragarria

Auzitegi Nazional espainolak berriz ere Europako arautegia saihesteko trikimailuen aldeko erabakia hartu du. Berriz ere, Gobernu espainolak helburu horrekin hartutako erabaki politiko bat ontzat jo du. Oraingoan atzera bota du presoek beste estatu batean betetako zigorrak aintzat hartzeaz Europako Auzitegiari galdetzeko aukera, bozketak epaileen arteko zatiketa nabarmena agerian utzi badu ere. Erabaki hori euskal presoen aurkako salbuespen politika arindu lezakeen edozein zirrikitu ixteko ahaleginean Estatu espainolak egiten duen esfortzu ikaragarriaren azken erakusgarria da.

Preso batek estatu batean betetako zigorra kausa berberagatik beste batean betetzen ari denari gehitzea ez da logikoa, ezta legezkoa ere, Europako Kontseiluaren 2008ko esparru erabaki batek xedatzen duen bezala. Eta ankerra da. Izan ere, Gobernuak eta epaileek arau horri muzin egiteak ondorio larriak baititu hainbat pertsonarentzat, hainbat euskal presorentzat, hain zuzen. Estrasburgoko Auzitegiak atzera bota arte ezarri izan zuten 197/2006 doktrina bezala, zigor metaketari eustea eta gainera, Europak Madril ohartarazi zuenean, horren gaineko araua ez betetzeko sasilege bat onartu izana zitala da giza arloari dagokionez ere. Preso batzuek behar baino urtebete gehiago eman dute kartzelan; beste batzuek, berriz, bost, edo bederatzi. Legearen aurka, oinarrizko giza balioen aurka.

Tamalgarria, esan bezala, zenbat indar xahutzen dituen Estatuak, eta harekin bat epaileek, euskal presoen auzian zentzu apur bat ezartzeko aukerak saihesten. Horren erakusgarri, Auzitegi Nazionalak azken erabaki hori hartu arteko mugimenduak. Indar horien erdiak irtenbideak bilatzen erabiliko balituzte, denentzako agertoki arrazoizko eta bidezkoagoa izango litzateke. Baina ez dute ahalegin ñimiñoena ere egin, kontrako norabidean ez bada. Legea ez betetzeagatik –tortura salaketak ez ikertzeagatik kasu– behin eta berriz iristen zaizkien zigorrak gorabehera.