Ariane KAMIO
DONOSTIA

Denbora, bere pisu doian

«Denbora bere lekura» eramateko saiakera egin du Gerardo Markuletak Erein argitaletxearekin kaleratu berri duen poesia liburuan. Denboraren joanak ze min eragiten duen aztertu du, haurtzarotik abiatuta oroimenetik erreskatatutako argazkiak baliatuz.

Berrogeita hamar urte betetzen zituenean zeukan pentsatua Gerardo Markuletak (Oñati, 1963) “Denbora bere lekura” poesia liburua kaleratzea. Apur bat atzeratu da argitalpena; 52 urte betetzekotan dela ikusi du argia bere lanik berrienak. «Sinbolikoki badakigu (50 urterekin) atzean denbora gehiago uzten dugula aurrean daukaguna baino», adierazi zuen atzo, Donostian, alearen aurkezpenean.

Itzulpengintzaren eta poesiaren artean aritu da lanean Markuleta bere ibilbide literarioan. Kasik hamar urte pasatu dira sormen propioko lan bat aurkeztu zuenetik. «Aurkezpen ugari egin ditut azken urteetan, baina itzulpenak denak. Itzultzaileak medium lanak baino ez ditu egiten. Kasu honetan, ordea, norberaren lana denean, eta are gehiago poesia baldin bada, gauzak aldatu egiten dira. Strip-tease bat egitea bezalakoa da», esan zuen bromatan.

Denbora

Denbora jarri du bere laneko ardatzean Gerardo Markuletak. Denboraren igaro etengabea, atzera begiratzea, haurtzaroa. Joandako denborak ze min eragiten duen azaldu du bere lanean. «Iraganak pisu gehiegi hartzen du gure bizitzan», aipatu zuen egileak. Ez da, ordea, pasatakoa ahazteaz ari; «nahi nuke oroitutako horri bere pisu doia ematea. Bizitakoa ez dadila traba izan eta denbora bakoitzak bere pisua izan dezala», gaineratu zuen. Nostalgikoa baino gehiago, sendagarria da idazle oñatiarraren lanaren helburuetako bat.

Berrogeita hamar poema orotara, lau ataletan banatuak. Hamar urteko epean idatzitako bilduma, nahiz eta sortutako asko kanpoan geratu diren.

Oñatin bizitako haurtzaro eta nerabezaroan du hastapena “Denbora bere lekura” liburuak. «Irratiarekin bizitako gau magikoak, gurasoei eskainitako poemak», azaldu zuen.

“Ezkutuko tiradera” izenburua jarri dio bigarren atalari, iragan kolektiboari eskainitakoa; «euskaldun guztiei ezarri diguten zama». Hirugarrenean labur gelditzearen aldeko hautua egin du, «erabateko doitasunez» aukeratutako hitzez osatutako lanekin.

Azkena, amodiozko poemekin antz gehiena izan zezaketen testuekin osatu du. Bere buruarekin ere harritu dela onartu zuen; «amodiozko antipoema ugari idatzita, orain ezkon poemak ere idatzi ditut».