Imanol CARRILLO
DONOSTIA
Elkarrizketa
GORKA JULIO HURTADO
KOOP57EH-KO LEHENDAKARIA

«Abal mankomunatuaren ideiak bereizten du Koop57EH besteengandik»

Kataluniako Coop57 kooperatiban bi urtez lanean aritu eta gero, finantzaketa etiko eta solidarioen zerbitzua eskaintzeko bide propioari ekin dio Koop57 Euskal Herriak, «finantza-zerbitzu kooperatiboaren beharra gero eta handiagoa baita gure artean». Mailegua ordaindu ezin den kasuetan, une horretara arte amortizatutakoa deskontatzen da, baina abalatzen dutenek ez dute interesekin itzuli behar.

Finantzaketa etiko eta solidario zerbitzua eskaintzen duen Coop57 1995ean jaio zen Katalunian, Bruguera argitaletxetik kaleratutako langile batzuen ekimenari esker. Iragan ekainaren 20an, 20. urteurrenean, egitura propioa eta erabakitzeko ahalmena izango duen Euskal Herriko Koop57 eratu zuten Ondarroan, Gorka Julio Hurtado lehendakari izendatuz. Baina lana lehenagotik dator, hain zuzen, apirilean Udalbiltzarekin energia berriztagarriak sustatzeko akordioa sinatu baitzuen.

Koop57EH zer den azaltzea «gauza konplexua» dela aipatu izan duzue, baina, nola azalduko zenuke era argi batean?

Ekonomia sozial eta solidarioaren bidez proiektu kolektiboak sortzen laguntzeko finantza tresna sortu zuten 1995ean Katalunian, Coop57, alegia. Orain, entitate horren lurralde sail moduan jaio da Koop57EH; horren beste atomo bat gara. Harekiko autonomia izanda, behar espezifiko batzuk dituen lurralde baterako eratu dugu Koop57, finantza etiko eta solidarioak sortu edo sustatzeko.

Bi urte eman dituzue lanean hau eratzeko. Zer egin duzue denbora tarte horretan?

Talde sustatzaile moduko bat egiten aritu gara, eta gero beste batzuekin elkartu ginen, baina oraindik egitura propioa izan gabe. Hau da, orain, Koop57EH-k erabaki ahal izango du hemen jasotzen den aurrezkien parte garrantzitsu bat zertara bideratu edota zer proiektu sustatu.

Garrantzitsuena batzorde soziala eta teknikoa sortzea izan da. Lehenengoak iristen zaizkigun proiektuak ikuskatzen ditu, kooperatibaren oinarri eta balioekin bat datozenak, demokrazia ekonomikoa dela edo ingurumenarekiko harreman jasangarria. Batzorde teknikoak, berriz, dirua eskatu nahi duten bazkide edo erakundeen proiektuak bideragarriak diren ala ez aztertzen du.

Zeintzuk dira Koop57EHren helburuak?

Ekonomia sozialaren inguruan proiektu kolektibo bati laguntza ematea. Mekanismoa oso sinplea da. Bi motatako bazkideak ditugu. Batetik, bazkide kolaboratzaileak daude, Koop57EH-n beren dirua aurreztu nahi dutenak, jakinda ondoren diru hori baliatuko dela beste ekonomia mota hau sustatzeko. Zerbitzu bazkideak, aldiz, kuota bat ordaindu ostean betekizun batzuk dituztenak dira. Beren helburua aztertzen dugu, azterketa soziala egiten diegu, Koop57EH-ren oinarriekin bat datozen jakiteko. Aurrezkien bidez lortutako dirua kreditua eskatzeko edo abalak egiteko erabiltzen da. Finantza zerbitzuak eskaintzen zaizkie ekonomia mota hori sustatzeko, eta hori da helburua: leku batetik hartu eta ekonomia beste era batean ulertzen duten agente guztien proiektuak fidagarri edo posible egiteko tresna bat da Koop57EH.

Liher Gonzalez idazkariak esan izan du proiektu honek «filosofia aldaketa handia dakarrela». Zuk zer deritzozu?

Bai, erabat ados nago. Gu ez gara banku bat; ‘egitura parabankarioa’ dugula esan dezakegu. Beste entitate batzuek ez bezala, ez dugu kontu korronterik; beste era bateko egitura dugu, baita malgutasun handia ere. Norbait dirua hemen jartzearen beldur bada, esan behar dugu, zorionez, morositatea %1tik beherakoa dela. Zerbitzu bazkideak proiektuarekin konprometitzen dira, eurena sentitzen dutelako.

Demagun kooperatiba berri batek 50.000 euro eskatzen dituela. Abal gisa norbaiten etxea jarri beharrean, abal mankomunatuaren ideia hartuta 1.000 eurorekin konprometitzen diren 50 pertsona lortu behar dira. Ez dute diru hori ipintzen baina, arazoren bat baldin badago, 1.000 euro horiek ordaintzeko konpromisoa hartu behar dute. Gauzak hala, bakoitzak sarea antolatzen du eta bere proiektuaren fidagarritasuna askoz ere handiagoa da, bere ingurunean 50 pertsona bildu behar baititu eta harremanak sortzen baitira. Gainera, ordainketa bat gauzatu ezin denean, oso gutxitan gertatzen dena, itzuli behar duten horiek ez dute interesekin itzuli behar. Bakoitzak itzultzen du konprometitua duen hori. Alde horretatik, filosofia aldaketa bat dago, tresna kolektiboa da, oso gutxik egiten dute horrelakorik eta horregatik gara ezberdinak.

Zein ezberdintasun dago, adibidez, Fiare banku etikoarekin?

Fiarek kontu korrontea eskainiko du hemendik aurrera; banku bat da azken finean. Baina Koop57EH finantza etiko eta solidarioa sustatzeko zerbitzu bat da. Fiarek ekonomia mota hau sustatzeko kredituak ere ematen ditu, baina ez da gauza bera. Gurea ‘tresna parabankarioa’ da eta egitura kolektiboa du, eta bestea, banku bat da. Egitura aldetik eta parte hartze aldetik ere ezberdina da. Gure kasuan, erabaki guztiak batzarrean erabakitzen dira eta demokrazia ia muturreraino eramaten duen egitura bat du.

Behin Kataluniako Coop57tik autonomo zaretela, zeintzuk dira zuen etorkizuneko erronkak?

Lehenik eta behin, jendarteratzea, jendeak ezagut dezan, eta bestetik, barne mailan egiturak ahalik eta gehien finkatzea. Oraindik asko dago ikasteko eta nik neuk asko ikasi beharko dut. Eskerrak kolektibo bat garen eta ondoan sekulako jende sendoa dugun, sekulako jakintza dutenak eta lagunduko dutenak.

Gainera, ekonomia sozial eta eraldatzailearen inguruan pausoak eman nahi dituztenek Koop57EH beraientzako tresna praktiko gisa ikus gaitzaten nahi dugu, eta horrekin batera kredituak eskatzea edota bazkide egitea.

Jendarteratzeko helburu horretan, zein baliabide dauzkazue gaur egun?

Coop57-k webgunea berritu du eta, behin autonomia lortu dugula, atal oso bat izango dugu bertan, eta hori izango da gure erreferentzia nagusia oraingoz, Twitterreko kanalarekin batera.