Maitane Aldanondo
Donostia

ARIMA: DOAKO SOFTWAREA OINARRI, DISEINUA ETA ZERBITZUAK NEGOZIO

Donostiako enpresaren HDIV web aplikazioen segurtasun programak La Caixak babestutako ekintzaileen saria jaso berri du. Erabilera libreko zerbitzuari esker ezagutarazitako produktuak erabiltzaile bihurtu diren enpresa handien interesa lortu du.

Proiektu pertsonal batean oinarrituta, bost informatikari eta lankidek ARIMA Softwar Desing sortu zuten 2013ko uztailean. 2008an HDIV open source –software librea, edonork erabil edo molda dezakeena– segurtasun programa doan eskaini zuten. Urteekin, erabiltzaile kopuruarekin batera, zerbitzu teknikoa eskatzen zutenena hazten joan zen. Hala, lana utzi eta ARIMA sozietate mugatua eratu zuten. Enpresa berriak aurretik egiten zuten lanaren jardun berari eutsi dio eta bi ildo ditu: batetik, software arkitektura eta honen inguruko aholkularitza; bestetik, segurtasun produktuak. Roberto Velascok, bazkide eta langileetako batek, bien lan bolumena nahiko parekoa dela dio: «Zerbitzuak jardueraren %60 izango dira eta produktuak %40»; baina ez pisua, «dirua ematen duena, hilero soldata ordaintzen duena, zerbitzuen partea da. Hori da negozio ereduan egonkorra dena».

Segurtasun produktuen oinarrian HDIV dago. Ordenagailuetan erabiltzen diren antibirusen antzeko zerbait da, baina bankuek, administrazioak, gobernuak... Interneten ematen dituzten zerbitzuak babesten ditu. Hitz gutxitan, «web aplikazioak dauden beste makina batera konektatzen gara. Gure softwareak alde hori babesten du. Trafikoa aztertzen du eta aplikazioaren aurkako eraso bat ikusten badu, gelditu egiten du». Lehiakideen produktuek ez bezala, aplikazioaren barrutik funtzionatzen du, ezarpen kostuak, konfigurazio beharra eta aplikazioaren mantsotzea ekidinez eta positibo faltsuen –egiaz erasoak ez direnak detektatzea– aukera txikituz. Produktu honi esker, enpresa ezagutarazteaz gain, La Caixak sustatutako Ekintzaile XXI Euskadi saria irabazi berri dute. 5.000 euroko diru-saria eta Cambridgen ekintzailetzari buruzko formakuntza jasoko dute eta Estatuko lehian izango dira. Velascok, ordea, aitortzaren beste alderdi bat nabarmendu du. «Garrantzitsuena aintzatespena jaso eta ezagutzera ematen zaituela da. Hala, kontaktuak egin eta inbertitzaileak ezagutzeko aukera ematen dizu».

Kasu honetan, bazkideekin batera, enpresa bera ekintzailea eta berritzailea dela nabarmendu du bazkideak. «Barneko ekintzailetza da. Funtzionatzen duen enpresa bat badugu, dirua ematen duena eta HDIV finantzatzen ari dena». ARIMAK «doako eta publiko» mantentzen du produktua; ez ordea, horren inguruan garatutakoak, ezta zerbitzu teknikoa ere. Batez beste, doako bertsioak hilero 500 hartze ditu. Velascoren hitzetan, «sektorean asko da, ez baita denek jaisten duten zerbait. Erabiltzaileak enpresekin eta segurtasunarekin arduratuta dauden enpresak dira: Banku handiak, administrazio militarrak... Enpresa txikiagoak ere hasiko direla uste dugu». Gaur egun, AEBetako hamar banku garrantzitsuenetako lauk ARIMAren softwarea erabiltzen dute, eta horietako bat beraien bezeroa da. Banku horrekin batera, ordainpeko beste lau bezero dituzte: herrialde bereko entitate militar bat, Ingalaterrako finantza erakunde bat, Interneteko zerbitzuak ematen dituen Frantziako bat eta «hemengo administrazio publikoa».

Segurtasun produktuek indar nahikoa hartuz gero, ez dute enpresa berri bat sortzea baztertzen, ARIMA ikerketarekin eta zerbitzuekin lotuta mantenduz. Bost urteotako ibilbidearekin oso pozik daude. «Balantzea oso ona da. Zortea izan dugu, bezeroak ondo portatu dira. Sortzeko momentuak ikara ematen dizu, baina bizitzan gauza guztiak bezala, behin eginda...». 45.000 euroko kapital sozialarekin hasi ziren eta, iazkoa hobetuz, aurten 700.000 euro inguruko fakturazioa aurreikusten dute. Lantaldea ere haziko da; bi langile berrirekin, 13 kidera helduko dira.

 

«open source»-ren aldeko apustua, marketin tresna eraginkorra

HDIV segurtasun produktua sortu zutenean helburua hori ez zuten arren, open source-ren aldeko apustuak ARIMA ezagutarazten ere lagundu du. «Marketing de guerrilla egiten dugu. Bertsio bat doan jartzen dugu, horrek posizionamendua ematen digu, eta merkatu potentziala sortu. Orain hori ustiatzen hasten ari gara doakoak ez diren produktuak eskainiz», azaldu du Roberto Velascok. Halako zerbitzuen Interneteko bilaketen emaitzetan lehen postuetan agertzen dira, open source komunitatean kolaboratuz eta horren inguruko artikuluak argitaratuz. «Bestela ezinezkoa litzateke hemen egonda eta dirurik gabe».