Maider IANTZI
IRUN

Besta parekidea hazi da Irunen, baina agintarien babesa txikitu

«Izugarria izan da», adierazi zuen Inma Landa alarde parekideko jeneralak. Espaloietan inoiz baino jende gehiago ikusi zuen, eta alaiago, 1.300 parte hartzaileak animatzen. Bestaz disfrutatu zuten irundarrek, baina bi alarde atera ziren, horietako bat, publikoa, alkatearen eta, oraingoan, Aldundiaren eta Batzar Nagusien babesik gabe.

Gogotsu zeudela errana zuten desfile parekideko kideek, Irungo kaleetan goiti eta beheiti alarde gazte, alai eta koloretsu bat marrazteko. Besta hau gogoko zutela ere adierazia zuten, eurek zutitu dutelako: «Badakigu garrantzizko zerbait egiten ari garela, harro gaude gure arbasoen tradizioa maitatzen eta gaurkotzen asmatu dugulako». Gogo hori bor-bor sumatzen zen atzo goizean goizetik, konpainietako parte hartzaileen irribarre zabaletan, kantoietatik animatzen zituzten lagunen oihu, dantza eta txaloetan, zein elkar trukatutako begi klisketan.

Dena ongi atera zen, garai bateko irain eta arazorik gabe osatu zuten ibilbidea, eta «izugarria» hitza erabili zuten Inma Landa jeneralak ez ezik, bertze lagun aunitzek ere bizitutakoa deskribatzeko. Gartxot Etxeberria danbor nagusiak, adibidez. «Hau izugarria da, gero eta gehiago. Eta ez da geldituko. Inoiz baino jende gehiago dago kalean, oso hunkigarria izan da –malko eta guzti ibili naiz–, eta jarraituko du izaten, eguna luzea baita», agertu zuen Junkal elizako atarian, txaranga, txilibitu eta danbor hotsek alaitutako bestan.

Ordurako eguzkiak majo kolpatzen zuen eta zuhaitzen azpian bilatzen zuten herritarrek babesa, belarretan jarrita. Baina beroa ez zen inondik inora oztopo izan. Trago freskoa, izozki handi bat edo abanikoa hartuta, irmo eta leial segitu zioten martxari adin guztietako lagunek.

Makilak eskuetan, Itziar danborrariak kontatu zigun 06.00etan jo zutela diana Junkalen bertan, «emozio handiz». Gero, jeneralari diana jotzera eta kantineraren bila joan ziren. Moskun, Urdanibia plazan, zuten topalekua konpainia guztiek. Han izan zen, 10.20an puntuan, “arrankada”, momenturik berezienetakoa, 1.300 lagunek «sekulako giro eta ilusioz» egin zutena.

San Juan plazarako bidea hartu zuten, maldan gora, txaloz eta animoz osatutako pasilloan barna. Udaletxean harrera egin zieten Emakundek –Izaskun Landaida zuzendaria eta Ana Alberdi idazkari nagusia egon ziren–, arartekoak –arartekoa bera ez zen izan, baina bai Julia Hernandez bere ondokoa–, EH Bilduk –bertzeak bertze, Xabier Olano eta Ainhoa Beola batzarkideak– eta Podemosek. Udalbatzaren partetik, Podemos eta koalizio abertzalea egon ziren.

Hutsune nabarmenak

Hutsuneen artean, nabarmenena, Jose Antonio Santano alkatearena izan zen. Emakundek, arartekoak zein EH Bilduk harrera egiteko eskatu zioten, 8.000 gizon soldadu eta 19 emakume kantinera izan zituen alarde baztertzaileari egin zion gisan. Baina alferrik izan zen. Bestalde, atzerapausoa eman da Gipuzkoako instituzioen babesean: aurreko legealdian Diputatuen Kontseiluko eta Batzar Nagusietako ordezkariak izan ziren, EH Bildukoak, baina orain EAJk gobernatzen ditu bi instituzioak eta ez zen kiderik izan.

«Arazoa goitik dator», ohartarazi zuen lagunekin desfilea hunkituta segitu zuen Begoñak. «Alkatea herritar guztiona da, baina gu ez gaitu hartu». Hutsune hauekin minduta baina ederki ari ziren pasatzen. Saltoak, dantzak, irriak eta malkoak, «sentimendu asko» nahasten zitzaizkien. Baina bat nabarmentzen zen: besta egiteko gogoa.