Arantxa Manterola
Kazetaria
IKUSMIRA

Aspaldiko lankide eta lagunak inguruan berriro

Lau urte pasata, berriro nire ingurumarian ditut hainbat lagun eta lankide. Gipuzkoako eta herriko erakundeetan ibili dira buru-belarri denbora honetan guztian. Tarte horretan batzuekin apenas topo egin dut eta beste batzuk, berriz, maizago ikusi ditut baina, egia esan, izandako harremana ez da herrigintzako lan politikoan murgildu aurrekoa bezalakoa izan.

Badakit ez dela oso egokia hutsune edo falta hori nik nabarmentzea, beren familia eta gertukoenak izan direlarik, seguru, gehien pairatu dutenak. Baina, halere, esan beharra neukan. Zeren lau urteotan askozaz gauza gutxiago egin ditugu elkarrekin; hizketaldi, otordu eta irtenaldiak asko murriztu dira.

Denbora horretan, ordea, beretik zenbat eman duten, zenbat gauza sakrifikatu dituzten, zenbat lo galdu, zenbat buruhausteri aurre egin dieten ikusteko bezain gertu izan naiz. Eta benetan diotsuet, biba zuek!

Betidanik pentsatu dut politika eta herrigintza lanetan aritzeko –izan instituzioetan izan barne-egituretan– adore berezia behar dela. Une onak eta asegarriak izaten diren arren, lan eskerga eta, askotan, esker txarrekoa ere izaten baita.

Igaro berri diren hauteskundeetan, Gipuzkoan batez ere, ezker abertzaleak emaitza txarrak izan dituela esaten da. Egiazko ezkerreko indar bati autokritikoa izatea tokatzen bazaio ere, ez dut uste horren katastrofikoak izan direnik. Besteren artean, gauza oso onak ere egiteko gai garela erakutsi dugu eta militanteen artean zein altxor ditugun egiaztatzeko oso aberasgarriak izan direlakoan nago.