Amalur ARTOLA
BILBO

Deabru Beltzek itxiko dute Kalealdia

Suak eta danbor hotsek hartuko dituzte gaur eta bihar gauean Bilboko kaleak. Deabru Beltzak eta Les Commandos Percuk «Danbor talka/Le choc des tambours» su eta argi ikuskizuna eskainiko dute gaueko hamabietatik aurrera eta, bihar, hori amaitzearekin batera itxiko da Kalealdia, Bilboko kaleko antzerki eta arteen jaialdiaren hamaseigarren edizioa. Orain urtebete estreinatutako obra hau 60.000tik gora ikuslek ikusi dute jada.

Orain urtebete Lekeitioko kale-antzerki jaialdian estreinatu zenetik ibilbide oparoa izan du Bilboko Deabru Beltzen eta Les Commandos Percu talde frantsesaren elkarlanaren ondotik sortutako “Danbor talka/Le choc des tambours” obrak.

Formatu handiko ikuskizun bisual honek piroteknia, argi efektuak eta perkusioa ditu oinarri, eta Europan zehar egindako biran dagoeneko 60.000 ikuslek baino gehiagok ikusi dute. Datuekin eta obrak izandako harrerarekin pozik agertu da Deabru Beltzen zuzendari Garbitxu, baita ikuskizuna Kalealdia Bilboko kaleko antzerki eta arteen jaialdiari amaiera emateko hautatu dutelako ere. Hala, gaur eta bihar, gauerditik aurrera argiz eta danbor hotsez beteko da Nafarroa kaletik Areatzako kaira arteko espazioa.

Ikuskizunak bi kulturen arteko talka eta elkar ulertzeko beharra islatzen duela azaldu du Garbitxuk eta, horretarako, eszenan bi triburen arteko elkarrizketa irudikatzen dute. «Bi tribu gara, herrialde bakoitzaren eta gure hiriaren sustraiak ditugulako bakoitzak. Hasieratik gertutasun hori islatu nahi genuen, guztiz ezberdinak izanda ere anai-arrebak garela».

Eszenaratzearen lehen zatian, tribuetako kideak ikusleen artean murgilduko dira, «inbasioa» irudikatu eta ikuslea bera ikuskizunaren zati bilakatuz. Ibilbidean zehar, gainera, geldialdiak egin eta hainbat ezusteko izango dira. Bigarren zatia Areatzako kaian jarri duten agertokira igota eskainiko dute eta, bertan, piroteknia efektuak eta sinkronizazioa areagotuko dira, ikuskizuna amaierara iritsi arte.

Urtebeteko ibilbide oparoa

“Danbor talka/Le choc des tambours” Europako hainbat jaialditatik igaro da jada; besteren artean, Estatu frantseseko Tolosakotik, Chalon dans la Ruekotik eta Turnhoutekotik, eta orotara 27 ikuskizun eskaini dituztela nabarmendu du Garbitxuk: «Hori asko da formatu handiko ikuskizun batentzat. Hamaika ordu behar dira muntaketarako soilik, baina emaitza ikaragarria da. Oso ikuskizun bisual eta erakargarria da», ziurtatu du. Bere arrakastaren isla da orain gutxi Sottevilleko Viva Cite jaialdian 10.000 pertsonaren aurrean eskaini izana, edo hilaren 20an Nyongo Paleo jaialdia (Suitzan aire librean egiten den handiena) irekitzeko hautatu dutela: «Oso pozik gaude horregatik, baina baita Bilbora heldu garelako ere; gure herrian aurkezteko kristoren gogoa daukagu».