GARA
DONOSTIA

Grupo Jaso-k 500 langile batu ditu enpresaren 50. urteurrena ospatzeko

Altxatze-makineriaren sektorean lider den Grupo Jasok ekitaldi handi batekin ospatu zuen bere 50. urteurrena Getariako Balenciaga Museoan. Enpresako fundatzaile, bazkide eta langile guztiak omendu zituzten bertan.

Grupo Jasok bere fundatzaile, bazkide eta langileei egindako omenaldi batekin ospatu zuen bere 50. urteurrena. «Horiek guztiek 1965etik egin dute lan enpresa-talde hori altxatze-makineriaren fabrikazioan gaur egun erreferente izan dadin», jakinarazi zuen atzo enpresak prentsa ohar baten bidez.

Getariako Balenciaga Museoan egindako ekitaldian gaur egun Grupo Jaso osatzen duten hiru enpresetako langileak izan ziren: Jaso Tower Cranes (dorre-garabien fabrikatzailea), Jaso Industrial Cranes (zubi-garabien fabrikatzailea) eta Jaso Elevation Systems (jasogailuen fabrikatzailea).

Horietako batzuk Itsasondon, Idiazabalen eta Agurainen dauden ekoizpen-lantegi nagusietatik etorri ziren; baina beste batzuek ehunka kilometro egin behar izan zituzten Estatu espainiarrean zehar banatuta dauden ekoizpen-lantegietatik, hain seinalatua den egun honetan besteekin batera egoteko. Guztira 500 gonbidatu elkartu ziren ekitaldian, 50 urteko historia omentzeko.

Prentsa oharrean aipatu zutenez, Grupo Jasoko bazkide-fundatzaile eta gaur egungo lehendakari Jose Joaquin Susperreguik «hitzaldi hunkigarri batekin» eman zion hasiera ekitaldiari eta ibilbidea egin zuen taldearen historia luzean zehar. Ibilbide horretan esker ona agertu nahi izan zien berarekin enpresa sortu eta «orain gure artean ez daudenei eta erretiratuei, eta krisialdia gainditzeko denok hartutako konpromisoa eta etorkizunari baikortasunez aurre egin eta askoz ere urte gehiago bete ahal izateko talde-lanaren garrantzia» goraipatu zituen Susperreguik.