Gotzon Elizburu
Kazetaria
JO PUNTUA

Periko

Mito bilakatua zen zendu aurretik ere Periko. Mitoa, ziur aski, bere pentsamenduarekiko bere jarreretan edo ekintzetan azaltzen zuen koherentziak emana. Ia aszeta izateraino. Gazte Danbadako auzipetzea dela eta ez dela, ordu luzez berarekin honetaz eta hartaz jarduteko aukera izan dugu. Bizitza gogorra izan du Perikok. Langile familiako semea zelako, baina baita neurri handi batean berak hala hautatu zuelako ere, behartsuenen ondoan eta, are gehiago, parean egon nahi zuelako. Euretakoa izan nahi zuelako.

Mila istorio kontatu izan zizkigun, baina horietatik Trianon bizi izandakoak bereziki dira latzak, bizitza markatzen duten horietakoak. Zeukan guztia ematen zuen, bere osasuna ere arriskuan jartzeraino ia beti. Barrena hautsi zitzaigun urte eta erdiz egunero ura eta ogia soilik janez bizi izan zela kontatu zigunean, apaiz gisa jasotzen zuen diru guztia eta elikagai guztiak beharra zuten meatzariei ematen zizkielako. Zenbat koltxoi oparitu ote zituen bizitzan, lurraren hotza eta gogorra sufrituz. Zenbat kontestazio gogor eta logiko patroien indiferentziaren aurrean. Miseriak gogortu zuen.

Erresistentziaren ikur bilakatu da Periko. Bere pentsamendua ere halakoa zen, gogorra, erresistentzian gotortua, bera izaera goxokoa eta irekikoa izanagatik. Eta hala ibili da azken egunetaraino, pankartaren atzean, kausa justuen alde.

Sarri esan izan dut lerrootan, erresistentzia garaiak atzean utzi edo bigarren maila batera pasa eta irekitzeko sasoia dugula, ikuspegi eraikitzailez eta ausardia politikoz jokatzekoa. Horregatik geratzen naiz, beharbada, Perikoren alde humanistarekin.

Izaera irekiz, kalean, edozein herritarrekin egoteko gaitasuna, baita ustez arerio politiko denarekin ere, zio justu baten alde adostasunetan bat egin eta eskuz esku lan egiteko gaitasuna. Militante gisa zer ikasi asko dugu horretatik.

PS: Mila esker elkartasuna eta babesa adierazi diguzuen guztioi. Periko falta zaigu absoluzioa ospatzeko. Dagoen tokian dagoela, pozik egongo da.