Jon GARMENDIA-Koldo OTAMENDI 
LEKORNE

Tokitik mugitu gabe lekualdatuko da EHZ bere hogeigarren edizioan

Gaur hasiko da Lekornen (Lapurdi) Euskal Herriko musika jaialdirik zaharrena. Hogei urte beteko dituen edizioan harremanak estutu eta elkarlana bultzatzen jarraitzen du EHZk. Aurten, bertako musika taldeen eskaintzak hartukodu indarra, hala nola, konferentzien erakusleihoak, festa zelaien aldaketak bezala, Garroko gazteluaren aitzinean kokatuko denak, bilduago, beroago, zuzenago izateko desiran. GARAk jarraipen berezia egin du hiru egunetan zehar.

Dena prest da Garroko gazteluaren pentzeetan festa leher dadin. Euskal Herria Zuzenean jaialdiak hogei urte betetzen ditu, eta berezitasunez josia dator publikoaren gozagarri izanen den edizio berri hau, batez ere musika arloko kolore aldetik. Berri Txarrak taldeak “Denbora da poligrafo bakarra” disko hirukoitza aurkeztuko du Lekornen. Uda honetan Euskal Herrian eskainiko duten kontzertu bakanetakoa izanik, parada ederra da Lekunberriko banda zuzenean ikusteko. Agertoki handian joko dute gainera.

Urtero bezala, Euskal Herriko musika taldeen presentzia handia izanen da. EHrZ lehiaketan sailkatutako taldeak ariko dira alde batetik, tartean, Bilbomatiks edota Kasernarat. Horiekin batera, Cumbiam’ Bero, Goliath, Joseba B. Lenoir Gang, Kuma No Motor, Last Fair Deal, Pelax, Skakeitan, Polygorn eta Tania de Sousa jardunen dira oholtzan. Betiko legez, askotariko erritmoak entzuteko aukera eskainiko du Euskal Herriko musika jaialdi zaharrenak, euskal agertoki aberatsaren erakusgarri. Anestesia izanen da beste izen garrantzitsu bat. Itzelak izan ohi dira euren emanaldiak EHZn, eta “Zirkulutik espiralera” azken lana aurkezten ari diren honetan, ezin gutxiagorik espero. Azken orduko aldaketak izan dira egitarauan, eta The Coup taldea ez da Lekornen ariko, AEBetako taldearen ordez Kanadako Random Recipe-k joko du, rock, folk, jazz eta hip hop erritmoak maisuki uztartzen dituen taldeak. Urtero legez, gauak aurrera egin arau, giro elektronikoak nagusituko dira, aurten, Skip&Die, Elektro Deluxe, Cotton Claw etaBoris Brejcha proposamenak dira azpimarragarrienak. Anitzak dira, bestalde, hip hop erritmoetara bideratutako proposamenak, Deluxe, esaterako. Rock-and-rollak ere izanen du tokia aurtengo edizioan. Rock hipnotikoa jorratzen duen Last Train banda frantziarrak ederki astintzen ditu gitarrak, zuzena eta aldi berean iluna, oholtza gainean jarrera ausarta ageri dute. Rock beroaren orbitan, Jim Jones and the Righteous Mind banda topatuko dugu, igande gauean zuzen-zuzenean ariko dena.