Idoia ERASO
URRUÑA

AHT aitzinatzeko Europako laguntzen aurrean, borrokatzera deitu du CADEk

Europar Batasunak Euskal Herrian eragina luketen AHTren eraikuntza bultzatzeko diru laguntzak eman berri ditu. Egitasmoek Europaren «babesa» jaso dutela ikusirik, CADE kolektiboak borrokarekin jarraitzearen beharra nabarmendu du. Irailean mobilizatzera eta abenduan egingo diren eskualde hauteskundeetan AHT-ren alde diren zerrendei ez bozkatzera deitu du.

Dirua Euskal Y-ari, Irun eta Hendaia arteko tarteari eta iparraldetik abiadura handiko trenbidea Lapurdira hurbilduko lukeen Bordele-Akize egitasmoari bideratu dietela jakinarazi du kolektiboak. Kopurua zehazteko informazio askirik ez badute ere, «zenbait ehunka milioi» euroko laguntza izan dela adierazi dute.

Kolektiboko bozeramaile Victor Pachonek delibero honek «Europaren bultzada» dakarrela nabarmendu zuen atzo. Oraindik egitasmoa garatzeko beharrezkoak diren milaka miloietatik urrun egonda ere, eta erakunde zenbaitek kontrako iritzia eman badute ere, egitasmoak aitzina segitzen duela jakinarazi nahi izan du Ingurumenaren Aldeko Elkarteen Taldeak (CADE frantsesez).

AHTren kontrako taldeak egitasmoen kontra izan diren txostenak ekarri zituen gogora, besteren artean Estatu frantses eta espainiarreko kontuen auzitegienak eta abiadura handiko tren ereduaren kontrako datuak eman dituzten Bianco edo Mobilite21 txostenak.

Estatu frantsesean burdinbideetako 46.000 milioi euroko zorra delarik eta AHTk zuloa handitzen duen bitartean, zerbitzuetan murrizketak egiten ari direla azpimarratu zuen kolektiboak. SNCFeko langileek azken urteetan behin eta berriz salatu dute lan baldintzetan eta tren ordutegietan izaten ari diren murrizketak.

Datuek egitasmoak bertan behera uztea zentzuzkoena dela badiote ere, Europatik heldu den diruaren kontraesanak «gure hautetsiek korridoreetan duten efikazia» agerian uzten duela nabarmendu zuen Pachonek, eta gaineratu zuen horrek erakusten duela «biztanleriarekiko duten mespretxua».

Datei dagokienez, Bordele eta Akize arteko tartea 2030erako egina izatea aurreikusita dago, lehenago Bordele eta Okzitaniako Tolosa artekoa egin behar delarik. Akizerainoko tartea egin ondoren eraikiko litzateke trenbide berria Hendaiaraino. «Lehenago egin nahi dute eta datak aurreratzen saiatuko dira», baieztatu zuen Pachonek.

Borroka soziala

Europaren engaiamendu berri honen aitzinean, borroka sozialarekin segitzea guztiz garrantzitsua dela azpimarratu du CADEk: «Gure jarraitzaileak deitzen ditugu uda eta gerorako prestatzen joateko, orain arte eman duten tamainako erantzuna emateko».

Bukatzeko oroitarazi dute 1992. urtetik AHTren kontra aritu dela CADE, gero txosten ofizialetan hartuak izan diren arrazoinamenduak emanez, eta ezin dela orain garaipena «lapurtzen» utzi.