Amalur ARTOLA
«ARRAKALATUTA» JARDUNALDIAK

Akerman, begia ertzeetako zineman jarri duen emakumea

Zinema konbentzionaletik urrun, ertzeetatik, mugetan arakatuz eraiki ditu Chantal Akerman belgikarrak bere filmak. Arrakalatuta jardunaldietan, zinemaz, eta bizitzaz, mintzatu zen.

Arrakalatuta jardunaldian burubelarri dabiltzan kideek martxorako espero zuten Chantal Akermanen bisitaldia. Orduko hartan ez zen posible izan baina, trukean, zinemagile belgikarrak amaiera ezin hobea eman dio zaurgarritasun kontzeptuari buruzko hausnarketari heldu dion jardunaldiari, Tabakaleraren parte hartzearekin batera Donostiako Koldo Mitxelenan eskainitako solasaldian.

Egile belgikarraren zinema ertzeetara begira egindako zinema da. Xehetasunak, begiari ihes egiten diotenak, ikusi eta ikusarazi nahi dituena. Keinuetan atseden hartzen duena. 1960ko hamarkadan, artean 24 urte zituela, zuzendu zuen lehen filma eta ordutik hona izan duen filmografia oparoan –40 obratik gora, azkena 2011n–, gai sozialez, emakumearen paperaz, politikaz, sexualitateaz eta eguneroko bizitzako xehetasunez hausnartu du. Azken hau agerian utzi zuen solasaldiaren aurretik, zinegilearen eskariz, aretoan proiektatu zen filmazioak. Bertan, 24 urteko Akerman ageri da “Jeanne Dielman, 23 quai du Commerce, 1080 Bruxelles” (1975) filmatzean Delphine Seyrigi argibideak ematen. Seyrig temati ageri da; zehazki zer antzeztea nahi duen adieraztea nahi du. Akermanen gidoian, keinuak dira nagusi: «Berarentzat denak arrazionala behar zuen izan, eta nik keinuak nahi nituen, nire izebei ikusitakoak, nire amari... Orain badakit film honek nora garamatzan baina, unean, keinuak besterik ez nituen ikusten», azaldu zuen. Film hark egunez emakume eta ama «eredugarria» den eta gauez prostituzioan lanean aritzen den emakumezkoa du ardatz eta, egun, emakumetasunaren gainean egindako lehenengo lantzat hartzen da.

Zinema esperimentala AEBetan ezagutu zuen, eta orduko oroitzepenez ere jardun zen. New Yorken, filmak egin ahal izateko, zinema bateko leihatilan egiten zuen lan: «Ikusle bati sarrera erdia ematen nion eta besteari beste erdia, baina biei kobratzen nien sarrera osoa. Patrikak diruz bete nituen, baina garesti ordaindu nuen: filma egitea lortu eta jada editatua nuen ordubeteko zinta galdu nuen». Telebistarako enkarguzko lanak ere egin zituen, «baina niretzat gauza bera zen, asmo bera jartzen nuen».

Ama gogoan

Familia judu tradizional eta umil batean jaio zen Akerman. Amaren aldeko aitona-amonak Auschwitzen galdu zituen eta bizirik suertatu zen bere amak buruan zituen diseinu ikasketak

alboratu eta mekanografo gisa hasi behar izan zuen lanean: «Aita ezagutu zuen gero. Familia berak elikatu behar zuela esaten zuen, baina amak denda batean lanean hasi behar izan zuen. Airerik gabeko galeria hura kartzela zen amarentzat, baina bere frustrazioak aita hil ondoren soilik erakutsi zituen. Behin kontzertu batera eraman nuen, eta erotu egin zen. ‘Ni ez naiz bizi izan’, esan zidan. Orduan konturatu nintzen bere frustrazioaz. Amak ez zuen nahi zuen bizimodua egin».

Akermanek berak idazle izan nahi zuela azaldu zuen, eta horregatik beretzat zineman dagoen garrantzizkoena gidoia dela. Baina gidoi irekia, aldaerak onartzeko prest dagoena: «96-97an, Israel eta Palestinaren artean sasi-bakea zegoenean, film bat egitera joan nahi izan nuen. Gidoia idatzi nuen, baina atzera bota zidaten. Dokumentala zen eta ez nekien zer filmatuko nuen, ez nekielako zer topatuko nuen. Gidoi itxiarekin zoazenean, bila zoazen hori soilik aurkitzen duzu. Gidoi irekiak esparrua zabaltzen dizu».