Nerea Goti
Kazetaria
IKUSMIRA

Bizitzen irakasten duen irakaslearen istorioa

Bizi garen errebalidez jositako mundu honetan, non notak, emaitzak, ikasleen ezagutzak eta duten maila akademikoa bilakatu den inportanteena, polita iruditu zait duela aste batzuk agertutako notizia bat. Institutuko irakasle italiar bat da protagonista eta bere ikasleei uda honetarako agindutako lanak, anekdota. Caesare Cata izena du irakasleak, eta udarako etxeko lanen artean noizean behin goizean goiz itsasertzean paseoa egitea proposatu omen die ikasleei, uretan eguzkia zelan islatzen den begiratzeko eskatu die, eta bitartean bizitzan gustukoen dituzten gauzetan pentsatzea. «Senti zaitez alai», agindu die.

Beste ariketa batean, ikasitako hitz berri guztiak erabiltzen saiatzeko eskatu die. Era horretara, gauza gehiago adierazi, gauza gehiago pentsatu eta gero eta gehiago pentsatuta, libreago sentituko direla esan die. Era berean, ahalik eta gehien irakurtzeko esan die, ez egin behar dutelako, baizik eta «udak abenturak eta ametsak inspiratzen» dituelako. «Irakurri, matxinada formarik onena delako» izan da bere gomendioa.

Mota bereko beste hainbat lan ipini ditu, eta hamaika titularren jabe egin da irakasle italiarra, ariketak «bereziak», «arraroak» edo «harrigarriak» direlako, titularrek diotenez. Udarako lanen liburuxkak pilatzen diren garai honetan, eskolak itxi ondoren seme-alabak zama bilakatzen dituen sistema honetan, ederra iruditu zait Catak agindutako lana. Izango da, agian, errebalidekin amaitu eta errebalidekin hasiko dugulako ikasturte berria, bizitzen irakastean baino emaitzetan zentratzen den sistema honetan.