Arantxa MANTEROLA
HENDAIA

Ipar Euskal Herrian bakegintzan egindako urratsak aztertuko dira gaur Ficoban

Antxeta irratiak antolatuta, gaur 11.00etatik goiti, Aietetik hona Ipar Euskal Herrian bake-prozesua aitzinatzeko egindako ibilbideaz eta, bereziki, berriki Parisen izandako Bake Konferentziaz arituko dira.

«Gatazka egoera baten osteko bizikidetza testuinguruan, ahal duen heinean gizarte eragile orok bere ekarpena egin behar» duela iritzita, Antxeta Irratiak bake-prozesuaren gaiari heldu dio berriz. Hala, gaur 11.00etatik goiti mahai-ingurua eginen du Irungo Ficoban.

Bake Bideko Anaiz Funosas eta Peio Ospitalek ekainaren 11n Pariseko Asanblea Nazionalean hainbat partaiderekin, baita nazioartetik jindakoekin ere, egin zen Euskal Herrirako Bake Konferentzia Humanitarioaren ebazpenak azalduko dituzte bertan.

Ez dute, haatik, ekimen horren ondorioen azterketa hutsa eginen. «Bakea lortzeko bidean Aieteko Konferentziatik hona Ipar Euskal Herrian egindako urratsak ere jorratuko ditugu» esan dio Funosasek GARAri.

Izan ere, 2011ko urrian Donostian egindako Konferentziatik Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako eragileek berariazko ibilbidea izan dute, besteren artean, bake-prozesua bera sustatzea xede duen Bake Bidearen sorrera ekarri duena.

2010ean euskal militanteen kontrako euroaginduen bidegabekeria salatzeko bildu ziren eragileen arteko elkarlana sakondu eta, Aieteko bide-orria oinarri hartuta, gatazkaren konponbidearen aldeko mugimendu zibila bilakatu zen.

Geroztik, ekimen ugari antolatu ditu, bai berak bai beste eragileekin batera, horien artean, konponbidearen aldeko hainbat manifestazio, bi foro eta, azkena, ekaineko Pariseko Konferentzia.

Esparru askotako eragileak harremanetan jartzeko lan hori nola garatu duten azalduko dute gaurko jardunaldian. «Aieteko gomendioetatik abiatuta adostasunak erdiesteko eta elkarrizketa finko eta iraunkorra sortzeko erabili ditugun metodoak esplikatuko ditugu», gaineratu du Bake Bideko presidenteak.

Beste eragile batzuek urratutako bidea ere hizpide izanen dute, adibidez, ia tendentzia guztietako hautetsi eta ordezkari politikoz osatutako Elkarrizketarako Ipar Euskal Herriko Taldeak egindakoa. Iazko urrian Baionako Agiria kaleratu zuten eta Pariseko Konferentzian ere esku hartze garrantzitsua izan dute.

Zubiak eraikiz

Gaurkoa ez da Antxeta Irratiak bakearen gainean egin duen ekimen bakarra. Joan den otsailean Bidasoan Elkarbizitza izenburupeko hainbat jardunaldi eta topaketa antolatu zituen Hendaia, Hondarribia eta Irunen.

Jardunaldien balorazio «biziki baikorra» egin zuen hedabideak, eta «alde guztietako biktimek eta Bidasoa beheko auzapezek elkar ezagutzeko eta elkarrizketarako zubiak eraikitzeko oso eraginkorrak» izan direlakoan daude. Ildo beretik dator gaurko mahai-ingurua.