GARA
AGURAIN

Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzetik, gauzatzeko bidea diseinatuko du GEDek

Ekainaren 21ean Euskal Herriko lau hiriburutan egindako ekimen jendetsuen ostean, Gure Esku Dago (GED) dinamikak pasa den martxoan hasi eta udazkenera arte luzatuko den barne hausnarketa prozesuaren hirugarren bilera egin zuen atzo Agurainen. Zehaztutako epe honetan, helburuak, filosofia, plangintza eta egituraketa definitzea da asmoa.

Batzarraren ostean, Anjel Oiarbide eta Naroa Sasieta dinamikako bozeramaileek azaldu zutenez, «gauza asko lortu baditu ere» Gure Esku Dago «jaio berria da kasik» eta «gauza asko definitu gabe genituen». Testuinguru horretan gogora ekarri zuten, azken mobilizazio erraldoien ostean iragarri zutela «erabakiaren aroa» iritsi dela eta «aldarrikatzetik gauzatzerako bidea» egin behar dela. «Bide hori daukagu diseinatzeko», adierazi zuten kazetariek eginiko galderei erantzunez.

Urriaren 31n, batzar orokorra

GED dinamikan ari diren herri eta auzoetako 80 lagun inguruk hartu zuten parte Aguraingo Zabalarte aretoan egindako bileran. Azaldu zutenez, atzo batzarrean parte hartu zutenek herrietan eta eskualdeetan planteatuko dituzte sortutako ideiak. Irailean beste bilera pare bat egiteko asmoa dute, eta irailaren 19an, dinamikako kide guztiei azken sei hilabeteetan zehar landutako proposamena aurkeztuko diete, gero herri eta auzo batzordeetan eta norbanakoekin landu, eztabaidatu eta aberasteko asmoarekin.

Urriaren 31n, batzar orokorra egingo du dinamikak. Bertan, aurkeztutako proposamenari egindako ekarpenak aztertuko dituzte eta horren gaineko erabakiak hartu, azaldu zutenez. Ez zuten, halere, proposamen zehatzik aipatu. «Dinamikak bere sortzezko helburua gauzatu arteko bidea» definitu behar dutela izan zen aurreratu zuten ideia bakarra.

Herri galdeketak bakarrik ez

San Mameseko ekitaldian iragarri bezala Bizkaian Ispaster eta Diman egitekoak diren herri galdeketez gain, ez dago beste deialdirik oraingoz. Esan zutenez, «kontuan hartu behar da herri galdeketak egingo direla, bai, herrialde eta eskualde batzuetan, baina horretarako asmorik ez dugun herriak ez garela geldirik egongo».

«Herri galdeketak, finean, tresna bat dira herritarrak ahalduntzeko eta geure etorkizuna gure eskuetan hartzeko tresna bat, baina ez dira bakarrak», nabarmendu zuten.

Azaldu zutenez, «herri eta auzo guztiei begira» lan egin nahi dute, eta hortaz, «tresna mordoa prestatzeko lanean» dihardutela baieztatu zuten Oiarbidek eta Sasietak.

Aurrera begirako lanaz gain, ekainaren 21eko mobilizazioak ez ezik ikasturte osoan herriz herri eta auzoz auzo egindako lana ere baloratu dutela argitu zuten. «Ondo egindakoak eta hobetu beharrekoak» aztertuta, aurrera begiratzea dagokiela esan zuten, baita «ideia mordoa» planteatu direla baieztatu ere.