Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Gretsi ala Greutsi?

Tenperatura igotzen doa Europan; uda izatea kasuala da. Baita Mediterraneoko sargoria Bruselaraino sartu ere. Beroketa globala edo. Merkurioa burtsan kotizatzen ikusi nahi dute batzuek. Lekuan lekuko Auskalotel. Grexit. Gaur dute galdeketa, Zor-Nori-Nork argitzen hasteko, batzuk galdetzearen kontra izan arren. Urteotan Grezian izan diren demaseko kerien erantzule ez agertzeko hobeto galdetu ez, galdetu barik ez baita erantzunik. Eta hori demokrazia jaio omen zen herrialdean! Amen. Hobe demo hori Akropoliko aurrietan uztea, turisten uneko selfierako gai, demogreziari bidea ematea baino. Dominoa gogoan.

Ama, ama! «Laguntza» deitu izana ere putakeria galanta izan denari! Bai, hiztegia birpentsatu beharra dago, demonio! Total, Europak opa hostil luzatu berri diela, hangoek ostia! esan eta bai ala ez dute gaur eskuan. Kolpea gero, ez ala bai horretara heldu izana errespetuzko eztabaida izan gabe! Zeri esaten zaion bai eta zeri ez, auskalo! Hango gobernuak eta Bruselako fariseuek nork bere ezbaia baitu. Ez dakit Grezia eurozonatik kanpo geratuko den ala Europa bera geratuko ote den Greziako zona gabe.

Joko arauak errespetatzera deitzen dute besteak jokatzera behartzen dituzten lukurariek. Madarikatuak bitez euren zeruaren urdinean! Arauotatik olinpikoki pasa daitezke grekoak, jokoak hantxe sortu zirela baliatuz. Hemengo garai bateko «araua apurtu» gogoan. Osasunez.

Bai, zaila da, baina erraza bidegabea denean zailera jotzea eskatzen du senak, han, hor eta hemen. Dracmara bueltatuta ere ez dute euroaren drama sentituko. Lehengo monetara joan gabe berria ere atera dezakete, akroa! Eta euskaldun asko akrozonan sartuko, baietz! Euskozona bidean. Bakoitza berean izanda jabe, zonan eta monetan, orduantxe izan daiteke moneta bat zona guztientzat, behar izatekotan.