Jon GARMENDIA
Idazlea

Jendeek egiten dute herria

Beroak itzalpera erakartzen zaituen bezala animatzen zaitu lagunak festara, jendeak egiten baitu jendea, bilkura, multzoa, ospakizuna; eta haren baitan bakoitzak du nortasuna bezala nongotasuna. Atzokoan, euskal herrietako jendeak elkartu ziren Lekornen, lagun taldeak, gertukoak eta urrunagokoak; eta baita gure mugetatik kanpokoak ere, mugarik gabe gozatzeko intentzioz bertaratuak denak.

Hasteko, Euskal Herria Zuzenean jaialdiak paraje ederra du festaren epizentro, Garroko gaztelua, antzinako historiaren testigu zuzena «lur laua baita hau, zapala, ez dira anitz Lapurdiko zati honetan; agian, lur aberatsak zirenez, beti noblezia izan da hemendik gaindi», horiek izan ziren Xan Bidegainek zuzendu zizkidan hitzak gazteluaren aitzinean; Willis Drummond taldeko baxua da bera, Lekornekoa, eta harro zen agertokira igoko zelako Joseba B. Lenoir Gang bandarekin, bere jaioterrian berean. «Ene aitaren aita, Harretxeta auzokoa zen, Gerran ibili zen, eta Frantzian hil zuten, euskara baino ez zekien hark, hemen euskaraz baino ez baitzen hitz egiten». «Ez baitzen» horrek iragana zehazten duela ohartu naiz, egungo egoera soziolinguistikoarekin mina sentituko balu bezala; sentibera da Xan, musikari bikaina bezainbeste.

Larunbat goiza berak aipatutako inguruak miatzen hasi genuen, Lekornerekin hego-ekialdean muga egiten duten Ortzaize eta Irisarri lehenik, eta ondotik mendebaldean daukan Makea, esku pilotan ari ziren hiru herrietan; gazteak kolpeka ari, pilotari eta paretari, kirola adina ohitura den jokoaren etorkizunari deika baleude bezala. Makean aihertar batzuk ari ziren kalakan, aperitifa hartzen, Hendaiako lagunekin batera, «batzuk hegoaldeko herri kontsideratzen dute gurea, mespretxuz bezala, edo ez garela iparraldekoak esaten dute, jakinda hemen herri handi bakarra dagoela eta gero bakoitzaren herrixka», umoretik seriora pasatzen zelarik aitortu zidan Herenek hori. Herritarrak izan zirelako protagonista atzo, zeudenak bezala ez zeudenak, EHZn, batzuk, preso daudelako adibidez. Haiek aipatu zituzten “Presondegiaren eraginak norbanakotik kolektibora” eztabaidan, eta bereziki indartsua iruditu zitzaidan Amaia Beirieren testigantza. Bere ahizpa Lorentxak 14 urte daramatza preso, eta denbora tarte hori nola bizi izan duen kontatu zuen, kanpotik, eta nola bizi izan dezakeen amak, aitak, anaiak, bakoitzak desberdin bizi baitu pertsona maitatuaren hutsunea. Eta hutsunez beteta gaudela etorri zitzaidan berriro ere burura, azken garaietan askotan aipatzen dudan esaldia. Ea ba, gure herri horiek betetzen diren, festaz, umorez, eta giroz bezala, falta direnez.