Koldo OTAMENDI
EHZ FESTIBALA

MESTIZAJE BERO ETA EROA

IGANDEAREKIN BATERA AMAITUKO DA EUSKAL HERRIA ZUZENEAN JAIALDIAREN HOGEIGARREN EDIZIOA, ETA ORAIN ARTEKO EGUNEK UTZI DUTEN ZAPORE GOZOA BERRESTEA BAINO EZ DU FALTA HURRENGO URTERA ARTE AGUR ERRAN AITZIN.

Bi egun bete ondoren, larunbatarekin ere bero esnatu zen Lekorne. Termometroaren marra gorria 40 graduan dabil egunotan, eta eguzki galdek ederki kiskaltzen dute jada arrosa kolorea hartzen ari den jendeen azal zuria. Azalak bezala musikak ere kolorea besterik ez baitu Lekornen.

Bitartean, musikak ez du etenik EHZ jaialdian. Modu batera edo bestera, zuzeneko musika protagonista da, eta egun osoan zehar entzun daiteke gune ezberdinetan. Cumbian Bero-k eta Ttek elektrotxarangak lehen orduak girotu zituzten, apurka esnatzen ari ziren musikazaleak berpiztuz. Horiekin batera, hip hop battle egitasmoak edo bertsolariek izan zuten beren tokia, baita Xerrenda gunean egiten ari diren eztabaida eta konferentziek ere, Garroko gazteluaren barnean. Bide horretan, Kasernarat hirukoa izan zen lehena oholtza gaina hartzen eguerdiko 12.30 aldera, Il Muro del Canto erromatar taldeari tokia eginez gero.

Bazkaltzeko tartea hartu ondotik erritmo afrikarrak nagusitu ziren agertoki handian Kolinga bikoaren proposamenarekin. Giro lasai eta dantzagarriak eskaini zituzten ikusleen gozamenerako. Bolumena igo eta Last Fair Deal taldearen erabateko rock&rolla entzuteko aukera izan zen ondoren. Ohikoa da Euskal Herria Zuzenean jaialdian musika estilo desberdinen nahasketa aurkitzea, emanaldi batetik bestera antzematen baita hori, agertokia aldatzeaz gain musika eremua ere aldatzen delako. Horrek egiten du berezi jaialdia. Horrek ematen dio kolorea. Sutsua izan zen Bilboko hirukoaren emanaldia, zuzena, dagoeneko ia betea zen karpa astinduz.

Electro Deluxe taldeak ez du musika elektronikoa jorratzen, nahiz eta bere izenean hori agertu. Funk eta soul musikaren orbitan eskaini zuten emanaldia, free jazza edota erritmo beroagoei muzin egin gabe betiere. De luxe aritu ziren, bai, luxua izan zen.

Lerro hauek itxitzat ematerakoan Skakeitan taldearen musika zen nagusi karpa gunean. Gero, Berri Txarrak etorriko zen, eta baita Anestesia ere, gauari su emateko intentzioarekin.

«Mestijaia»

Ostiral gaua anitza izan zen musikalki. The Coup taldearen lekua betetzera etorri zen Random Recipe taldearen aukeraketa ederra izan zen. Talde kanadarra gogotsu aritu zen Garroko agertokian, ikusle andana bildu zutelarik oholtza aitzinean. Musikalki, gaueko beste talde batzuk bezala, musika erritmo desberdinak uztartzen dituzte, taldearen nortasuna musika bakoitzaren elementuekin sortzen dutelarik. Frannie eta Fab abeslariak ez ziren une bakar batez geldirik egon, presentzia handia agertzen dute zuzenekoan eta ikus-entzuleak berotzea lortu zuten. Baldin eta bero gehiagorik sentitzea posible den.

Kuma No Motor egurra banatzera etorri zen Lekornera. Emanaldiaren lehen minututik zanpatu zuten azeleragailua eta atsedenik ez zuten eman azken akordea eskaini artean. Hiruko formatuan, hardcore azkar eta zikina lantzen dute, eta Euskal Herrian ez ezik, atzerrian ere ibiliak dira. Areto txikiak dira taldea ikusteko leku egokiena, baina, ederki moldatu ziren karpa azpian. Zuzen eta oldarkor. Indartsu, erabateko!

Agertoki handira bueltan, Skip&Die laukoa ikusi genuen. Bitxia da taldearen musika proposamena, zinez: gitarra ere jotzen zuen perkusionista bat, teklatuak, sintetizadoreak eta bestelako soinuak egiten dituen DJa, gitarrista eta abeslari batek osatzen dute banda. Musikalki oso anitzak izan ziren, base erritmikoaren indarra, eta batez ere, CataPirata abeslariaren ahots berezia nabarmenduz. Hegoafrika eta Herbehereak lotzen dituen musika egitasmo honek musika anitz sartzen ditu bere koktelera koloretsuan. Hip hopa, giro elektronikoak, rocka, funka, cumbia, popa… Talde batzuen musika ere ez da erraza azaltzen. Horietako bat da Skip&Die. Finean, hitz bakarrean definitu beharko bagenu, hauxe «Mestizajea» erabiliko genuke, letra larriz.

Last Train taldeak bere kredituak lehen kantutik erakutsi zituen: Rock&Rolla. Gazteak izan arren, talde ibilia dela argi erakutsi zuten, musikalki emanaldi ona eta sutsua eskainiz. Oholtza gaineko presentzia handia dute eta musika tresnak ederki menperatzen dituzte. Gitarrak gogoz astindu zituzten emaldi osoan, batzuetan stoner giroetara biratuz melodiak, eta besteetan, bluesarekin jolastuz.

Deluxe musikatik harago doan proposamena da. Taldeak eszena hartzeko jarri zuen introak zerbait erakusten zuen jada, eta taldekideen jantzi eta mozorroak ikusi eta gero, berretsi zuen aurrez pentsaturikoa. Hip hoparen errimak, jazz musikaren askatasuna, eta funkaren groovea dira beraien armak, eta funtzionatzen dute.

Polygorn taldeak, azkenik, karpa gunea itxi zuen. Musika elektronikoa sustrai, rock giroekin uztartzen dute, proposamen elektriko bezain trinkoa sortuz. Itxiera polita izan zen.

Gaur, azken eguna

Eguerdiko zikiro bazkariaren ondotik, urtero kantaldiaren txanda izaten da. Anje Duhalde, Aguxtin Alkhat eta Petti bezalakoek giro akustikoetan burutzen dute emanaldia. Azken eguna izan arren, oraindik bada zer entzun Lekornen. Massilia Sound System, Pelax, OLD Scholl Funky Family eta Jim Jones and TheRighteous Mind taldeek osatuko dute eguneko musika menua. Beraz, oraindik garaiz dago egun-pasa eder bat egin nahi duena Lekorneko zelaietara gerturatzeko.