Maider IANTZI

Eragile sozialek hizkuntz eskubideen protokoloa osatzeko prozesua abian da

Europako hizkuntz aniztasunaren goi bilera antolatzen ari dira DSS2016 Fundazioa eta Kontseilua Donostia 2016 hiriburutzaren barrenean. Ez da bilkura soila, baizik eta prozesu bat, hizkuntz eskubideak bermatzeko protokolo bat prestatzeko.

Orain dela 19 urte Hizkuntz Eskubideen Deklarazio Unibertsala onartu zen Bartzelonan. Horregatik, joan den astean bertan izan ziren DSS2016ko eta Kontseiluko ordezkariak. «1996an gizarte eragileak ahaldundu ziren, eta mundu osoko dozenaka gobernuz kanpoko erakundek eta adituk aurkeztu zuten deklarazioa. Nazio Batuen Erakundera iritsi behar zuen, honek ere dokumentua bere egiteko. Bidean gelditu zen asmoa, baina erakutsi zuen eragile sozialek zehaztu zituztela eskubideak eta instituzioetatik at eurei ere bazegokiela hori egitea», oroitu du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak.

Jendartearen protagonismo horri eutsita, eta jada hizkuntz eskubideen deklarazio bat badela kontuan hartuta, bertze urrats bat egin nahi dute orain, honako galderari erantzunez: zehazten diren eskubideak bermatzeko, zer egin beharko lukete instituzioek?

Esku artean dutena Europa mailako proiektua da. Sei elkarte entzutetsurekin bildu eta martxoaren 31n lehen bilera egin zuten Gipuzkoako hiriburuan. UNPO (Unrepresented Nations & Peoples Organization), herri indigenetako, gutxiengoetako eta lurralde aitortzarik ez duten edo lurraldea okupatuta duten taldeetako kideek osatzen duten nazioarteko erakundea; Linguapax International munduko hizkuntz aniztasuna balioztatzeko eta babesteko gobernuz kanpoko erakundea; PEN International leku guztietako idazleen adiskidantza eta lankidetza bultzatzea helburu duen elkartea; ELEN Europako hizkuntz berdintasunaren aldeko sarea; Ciemen gizarte zibil katalanaren erakundea; eta ECMI (European Centre For Minority Issues), gutxiengoen gaietarako Europako zentroa dira erakundeok.

Hilabete honetan berriro elkartuko dira, protokoloaren hezurdura eraikitzeko. Horretaz gain, batzorde zientifiko bat sortuko dute Europako hamabost aditurekin, hainbat diziplinatakoak, ekarpenak jasotzeko. Eta lehen zirriborroa eginda, hizkuntzak berreskuratzen lan egiten duten eragile sozialei eskatuko diete iritzia eta atxikimendua.

Babes horrekin 2016ra iritsiko dira eta lana aurkeztuko dute abenduan izanen den goi bileran. Bidean, oinarrizko balio eta printzipio batzuk sustatu nahi dituzte: elkarbizitza eta bakea, aniztasuna, hizkuntz komunitateen arteko berdintasuna, pertsona eta talde ororen eskubideak eta hizkuntzen garapenerako baldintza sozial, politiko eta ekonomiko egokiak bermatzea. Garrantzitsuena, Bilbaoren iritziz, gizarte eragileak ahalduntzea da, alegia, eurek erabaki eta zehaztea zein izan behar den bidea hizkuntz eskubideak bermatzeko.

Interes handia Bartzelonan

Iragan ostegunean ekitaldi bat egin zuten Bartzelonan lekuko aldaketa irudikatzeko, Kataluniako hiriburutik Donostiara, deklaraziotik protokolora. 1996ko deklarazioan parte hartu zuten erakundeak egon ziren, gizarte eragile garrantzitsuekin batera (Ómnium cultural, Plataforma per la llengua, Linguapax, Ciemen, Unesco eta PEN, besteak beste). Elkarrekin erakutsi zuten bertan hagitz ariketa interesgarria egin zela eta Donostian mugarri berri bat ezarri nahi dutela.

Oriol Ramon deklarazioko jarraipen batzordeko idazkari nagusiak adierazi zuen interes handia piztu duela Donostian garatuko den proiektuak, eragileak ahalduntzea eta hizkuntzen arteko bizikidetza eredu berri bat adostea bilatzen duelako herritar guztion hizkuntz eskubideak errespetatuz. Linguapax erakundeko presidenteak, Carme Arenasek, aldiz, defendatu zuen hizkuntz aniztasuna gizarte eleaniztunen aberastasun eta aukera gisa uler dadin lanean jarraitu behar dela.

Bilbaok dioen bezala, deklarazioaren sugarra ez da inoiz itzali eta orain egin nahi dutena hauspotzea da.