GARA
DONOSTIA

Bikaintasun turistikoa txalotzen duen EDEN saria lortu du Goierrik

Europako Batzordeak urtero banatzen duen saria Goitur Goierriko Turismoaren Garapen Agentziari ematea erabaki du oraingoan. Horrek, abendutik aurrera Europako leku turistiko erakargarrien sarean txertatzeko aukera emango dio eskualdeari.

Europako Batzordeak Goitur Goierriko Turismoaren Garapen Agentziari eman dio 2015eko Eden saria. Honek Europako «Bikaintasuneko Lekuei» aipamen bat egiteko balio du, eta, urtebeteko epean, Europako leku turistiko erakargarrien sarean txertatuko da.

Saria urtero banatzen dute turismoarekin zerikusia duen arlo bat oinarrian hartuz. Aurten gastronomia izan da gaia. Goiturrek horren berri izan zuen eta proiektua aurkeztea erabaki zuen 2014ko ekainean. Estatu bakoitzak proposamen bat egiten du gaiarekin zerikusia duena, hori dela-eta, Europara iritsi aurretik Estatu espainolean egindako gainerako proposamenekin lehiatu behar izan zuten goierritarrek. Hala, lau finalisten artean gelditu zen Goierrik egindako apustua, alegia, “Idiazabal Lurraldeko” turismo gastronomikoa sustatzeko proiektua.

Kantabria, Andaluzia eta Ceutarekin finalean egon ostean, Madrildik deia jaso zuten goierritarrek eta EDEN proiektuaren irabazleak zirela esan zieten. Hala, Goiturrek saria abenduaren 16an jasoko du Bruselan, eta hortik aurrera, EDEN zirkuituan sartuko da eskualdea.

Estatuko seigarrena

Sari honek turismo eskaintza desberdinak ezagutzera emateaz gain, turismo jasangarriaren inguruan lanean dabiltzan helmugen balioa nabarmentzea du xedetzat. Aurten gastronomia izan da ardatza, eta zenbait irizpide hartu dira kontuan finalistak aukeratzerakoan.

Besteak beste, azaleratzen ari den eskualde bat izan behar zen, ohiko ibilbide turistikoetatik kanpo, eta proiektuak esperientzia turistiko errealak jaso behar zituen. Era berean, kudeaketa turistikorako erakunde propio bat izan behar zuen, baita honekin elkarlanean dabiltzan enpresa pribatuak ere. Azoka gastronomikoak, txapelketak eta jatetxeek osaturiko sare zabal bat izatea ere ezinbesteko eskakizuna zen, eta gainera, bertako produktuak sustatzeko ahaleginak agerikoak izan behar ziren. Kultura gastronomikoarekin loturiko ekimenak merkaturatzea ere garrantzitsua zen.

Sariketa hau 2007. urtean jarri zuten martxan eta ordutik 26 naziotako 119 helmuga turistiko gehitu dira sarera. Horietatik bost Estatu espainolekoak dira: Aragoiko “Parque Natural Sierra de Guara”; Kantabriako “Ecoparque de Trasmiera”; Galiziako “A Guarda”; Kataluniako “Delta del Ebro”; eta Andaluziako “Sierra de las Nieves”. Urte amaieran Goierriko “Idiazabal Lurraldea” sartuko da sarean.