Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Antzekotasunak eta ezberdintasunak

Duela 25 urte Europako herrialde baten ekonomia porrot eginda zegoen. Orain Grezia dagoen bezalatsu. Egungo Grezia baino txikixeagoa zen hedaduraz, baino dezente handiagoa zen populazioz eta bere ekonomiaren tamainaz. Ñabardura azpimarragarri batekin: estatu jabegoko eta planifikazio zentralizatuko ekonomia industriala zuenez, porrota askoz erabatekoagoa zela esan liteke. Alemaniako Errepublika Demokratikoa zuen izen ofiziala, eta arrunki Ekialdeko Alemania esaten genion. Haren berri izateko, Wikipediara jo beharko dute gure arteko gazteenek.

2004an Atenasen egin ziren Olinpiar Jokoen antzeko arrandiaz ospatu zuen 1989ko urrian Alemaniako Errepublika Demokratikoak bere sorreraren 40. urteurrena. Agintariek, ordea, ordurako bazekiten estatua kiebra egoeran zutela. Ospakizunen gerizpean egindako bileretan jakinarazi bide zien M. Gorbatxov sobietar agintari gorenak ezingo zutela SESBen ez Ekialdeko Blokeko beste edozeinen laguntasun handirik espero. Hilabetera, Berlingo harresia erori eta erregimen hura likidazio bidean sartu zen. 1990eko urrian bertan, bi Alemaniek bat egin zutenean, amaitu zen formalki prozesua. Badago aldea orain Greziaren inguruan ikusten ari garenarekin, ezta?

Geroztik, hotsandiko izenak (Aldaketa, Iraultza Baketsua, Blokeen Suntsipena...) eman bazaizkio ere, kiebra eta erreskate baten historia izan zen 1989-90eko hura. Egungo Greziarena bezalatsu. SESBen ordain geopolitiko potolo baten truke (Alemaniaren zatiketa amaitutzat ematea... Thatcher, Miterrand eta beste asko sutan ipini baziren ere), Errepublika Federalak «bere» egin zituen Ekialdeko Alemaniaren zulo ekonomikoak. Ekialdeko markoak bereekin parekatzeraino. Zama, ordea, ez zuen Alemaniak beregain soilik hartu, Europako Banku Zentralaren politiken jarraipena egin duen edozeinek ondo dakienez. 

Orduan erabaki haiek hartu (eta harrarazi) zituen elite berberak orain Grezian alderantzizkoak zergatik ezarri nahi dituen hausnartu behar genuke.