GARA
ERRENTERIA

Irailaren 17tik 20ra bitartean Atlantikaldia jaialdia egingo da Errenterian

Irailaren 17tik 20ra Errenteria Atlantikoak lotzen dituen herrien topagune eta agertoki bilakatuko da Atlantikaldia Atlantikoko Herrien Musika eta Kultura Jaialdiaren bitartez. Musika emanaldiak, erakusketak, dantza ikuskizunak, hitzaldiak eta hamaika ekimen bilduko ditu hitzordu horrek.

Errenteriak Atlantikoarekin izan zuen lotura berreskuratu nahiak bultzatu du jaialdiaren antolaketa. Izan ere, 1590-1730 urte bitartean Errenteria Euskal Herriko ontzigintza gune garrantzitsuenetako bat izan zen.

Oiartzun ibaia izango da jaialdiaren ardatza, eta bere inguruan antolatuko dira ekimen guztiak. Aurtengo edizioan arrantzaleek gainerako herriekin komunikatzeko eta harremanak sortzeko erabiltzen zituzten hizkuntza bereziei erreparatuko zaie. Horregatik, aurtengo edizioan “Itsas elkarrizketak” izango dira oroimen historikoa berreskuratzeko gai nagusia.

Kontzertuak

Musika eskaintzari dagokionez, estilo desberdinak lantzen dituzten taldeak izango dira Errenterian, folka, musika tradizionala, rocka... Besteak beste, Kalakan (Euskal Herria), Gwana Diffusion (Aljeria), La Gallera Social Club (Venezuela), Dobet Gnahore (Boli Kosta), Varttina (Finlandia) eta Carlos Nuñez (Galizia) arituko dira zuzenean. Horiez gain, Quebec, Danimarka eta Kubatik etorritako artisten parte hartzea ere izango du jaialdiak. Emanaldi horiek guztiak doakoak izango dira, baita hitzorduaren baitan antolatzen diren gainontzeko ikuskizunak ere.

Herriko eragileen parte hartzeari garrantzia berezia eman diote antolatzaileek, Errenteriako kultur aniztasunaren erakusle baita.