Danele SARRIUGARTE
EA

«Harrikadiek» plazerez jota

Ez dago aspertzeko uztailaren erdian Busturialdeko kostara gerturatzen dena. Orain hamabi urte loratzen hasia, edizioz edizio sendotzen doaz Eako Poesia Egunak, eta edukiz etengabe betetzen egitaraua; aurten ere, ikasturteko uzta poetiko oparoena biltzeko ahalegina egin dute antolatzaileek, baita arrakastaz lortu ere.

Ostiral iluntzean Eara iritsita bi zita literario zeneuzkake zain, Alaitz Aizpuruk Joxe Azurmendiren poesiaren inguruan prestatutako hitzaldia, batetik, bertaratuen hitzetan sakona eta landua izan zena, Manifestu Atzeratua koralki irakurriz itxi zen; Miguel Hernandezen poemekin osatutako errezitaldia, bestetik, Josu Landak itzuli eta kantatua, ordu eta erdi inguruz leporaino betetako aretoan. Ekitaldien tarteak akaso laburregi gertatzen zirela, horra pena handiena, poesia egunak oholtzan gertatzen direnengatik ez ezik jende arteak sortzen dituenengatik direlako berezi. Horrela, ez litzateke zeregin nekeza berandura arte luzatzea hitz-aspertuan...

Salbu eta larunbat goizean berriro martxan egon behar duzula, dagoeneko hipotetikoki ez ezik hezur-haragiz ere bazaudelako poesia kabiarazten duen herrian, eta Maialen Lujanbioren hitzaldia hastear, goizeko 11etan. “Poesia (zubi bat) bertsolaritza”. Areto hau ere mukuru egina, haize-izpirik ez, beroari majo aurrea hartuta, Lujanbio, bi langintzen artean eraiki nahi duen zubipeko korrontearen laguntzaz. Errekaren bere aldetik jardungo duela garbi utzita ekin dio solasari, eta argi eta zorrotz haztatu ditu bertsoaren eta poemaren arteko antzekotasunak eta aldeak, adibideak tartekatuta eta behin baino gehiagotan entzuleei irria piztuta.

Emaria berbera izanda ere, hizkuntza berbera izanda ere, erreka igualaren ertzetik joan arren bi bideak, funtsean dute aldea bi langintzek, funtsean eta funtzioetan. Eta bere funtsak errotik eragiten dio bertsogintzari. Mugak ditu, loturak: errima, neurria, gai ezarriak. Lujanbioren ustez positiboa da hori, hala ere, hersturak ematen die askatasuna bertsolariei. Sarri, esan nahi luketen horretatik esan ahal dutena baizik abesten ez badute ere, beste askotan bestela iritsiko ez liratekeen tokietara eramaten ditu «tradición» hitzarekin bat egingo duen hitzen bat topatu beharrak.

Bat-batekoa da bertsoa, gainera, eta testuinguruak, bertsolariak aditzera etorri den publiko horren nolakotasunak zeharo baldintzatzen du jarduna. Bertsolariak etengabe aztertu eta neurtu behar ditu jendaurre horren berezitasun eta erreakzioak. Ulermenaren eta komunikazioaren garrantzia azpimarratu du Lujanbiok: saioa amaitzean bertso bati buruz esaten badizute «ona zen, baina ez da ulertu»... bada, orduan, ez zen ona. Alegia, testuaren bikaintasuna baino testuaren egokitasuna izaten dela gakoa (betiere ohiko bertso-saioez ari garela). Era berean, sarri askotan taldean eraikitzen den zerbait izanik, sublimazio estetikoan baino, bi bertsolarien arteko dialektikan sortzen da bikaintasuna.

Eskolondoko aretotik atera eta solora bidean, pentsatzen duzu egunotako errezitaldi askotan adierazpen ezberdinak uztartzen direla. Iazko poema-bilduma zolienetako bat ahots hutsean irakurrita, ordea, hunkitu ditu entzuleak Jose Luis Otamendik, eguerdi partean errealitatea zorrotz, zehatz eta aldi berean sentikor errezitatuz: bakea nola eraikiko dugun, iraganarekin zer egingo dugun...

Uztailaren erdian Eara doanak, entzundako hitz argi guztiez gain, antolatzaileen gertutasuna, xamurtasuna eta zaintza nabarituko ditu, eta egon bazegoenak ezin du kontakizun bat amaitu Axun, Karmele eta Emiren lana eskertu gabe.