Mikel Ibarguren
Idazlea
JO PUNTUA

Barkamenaz

Gure hiztegi politikoan azkenaldian barneratu diren hitzak dira «damua» eta «barkamena». Printzipioz ez nago barkamena eskatzearen kontra, norberari barrutik ateratzen zaionean errespetagarria dela deritzot. Besterik da, ordea, hurkoari barkamena eska dezala eskatzen aritzea, zentzu horretan barkamena jarrera estetiko eta ekidistantea baino ez baita, barne ministro, gotzain eta agintari ugarik egiten duen bezala. Lehen, biolentzia utziz gero gauza guztiez hitz egin zitekeen, orain damua eta barkamena eskatu beharra dago, Espainiako barne ministroak esan bezala, «espetxe onurak» ekarri eta eskuzabalagoak izan daitezen.

Alta, hitzek guk geuk ematen diegun pisua hartzen dute eta batzuentzat ezinbestekoa dena besteentzat ez da horrela. Esaterako, Paul Riosek barkamen eskaerak baztertu eta eragindako mina aitortzea nahikoa zela esan zuen. Noam Chosmky-k ere aitortu zuen atzera begiratu eta, eskatzekotan, barkamena bi norabideetan eskatu behar zela. Arnaldo Otegik ere eskatu zuen; bere garaian Irlandan IRAk egin bezala. Mikel Antzak bere azken liburuan ere damua eta barkamena egia bezain iraultzaileak izan daitezkeela esaten digu, baina hori bai, Pilatosen mozorroak kentzeko ordua dela azpimarratuz.

Alemaniako parlamentuak ere eskatu zuen barkamena Gernikako bonbardaketagatik, ez zentzu moralean beharbada, politiko-diplomatikoan baizik. Ez dut imajinatzen inondik inora Espainiako parlamentua eragindako kaltea onartzen, oraindik ere GALek eta estatu aparatuek eragindako kalteak onartzen ere lanak baitituzte; baina hori bai, besteok barkamena eskatu beharra daukagu.

Urkulluk ere eskatu zuen barkamena, bere garaian Ibarretxek egin bezala. Barkamena eskatzeaz gain, gertatukoaren kritika esplizitua beharrezkoa dela esan zuen, nahiz eta han bildutakoen artean oraindik biktima asko falta ziren.

Dena dela, barkatzearenak beti eduki du halako pisu biblikoa. Bestela irakurri besterik ez dago Irakeko gerran “Desert Storm” operazioa zuzendu zuen Schwartzkopf komandanteak esandakoak. Inoiz barkatzea aurreikus ote daitekeen galdetu zion kazetariari horrela erantzun zion: «Nik uste dut barkatzea Jainkoaren egitekoa dela, guri terroristek Jainkoarekin hitzordua egin dezaten antolatzea baino ez dagokigu».

Horra, zertan laburbiltzen den asmo oneko jende barkatzailearen gogoeta.

Gaizki esanak barkatu eta ondo esanak gogoan hartuko dituzuelakoan.