Iraia Oiarzabal
Kazetaria
IKUSMIRA

(Des)ilusioan dago koska

Ilusioak egiten omen du arinago eginbehar zailenen zama. Hala, udako oporraldiaren usainak sortzen duen begitazioaren eraginpean egongo da asko dagoeneko. Maleta hartu eta gogoa berpiztuko dion haize berria arnasteko irrikaz. Izan ere, inguruotan ilusioa da azkenaldian gutxien sumatzen dena.

Katalunian indarrak eta eginahalak datorren irailaren 27an egingo diren hauteskundeetan jarrita dauden bitartean, bertan jazotzen ari dena «parafernalia» hutsa dela entzun diogu azken egunotan Andoni Ortuzar EBBko presidenteari. Antza, herritarrei euren etorkizunaz erabakitzeko mahai gainean jarritako aukera ez du begiko, eta nahiago du Madrilen hitzartutako eredu «egonkorrago» bat. Formula itxirik ez badago ere, komuna behar lukeen osagai bat faltan sumatzen dut, ordea, horrelako adierazpenak entzuten ditudan bakoitzean: ilusioa, alegia.

Katalunian herritarren desirari bidea emanez gehiengo zabal batek erantzun bateratua emateko gaitasuna erakutsi du; hemen, aldiz, gehiengo horren oinarrietako bat izan beharko lukeenak geldirik jarraitzen du, erosotasun gunetik atera nahi ez duela.

Beste hainbeste gertatu da joan den astean Kongresu eta Senatuko hauteskundeei begira zerrenda bateratua osatzeko unibertsitate eta gizarte mugimenduen arloko ordezkaritza zabal batek Hego Euskal Herriko ezkerreko indarrei egindako deiarekin. Berehalakoa izan zen Podemosen ezezkoa, aldaketaren alde ahoan darabilen mezua hankamotz utziz.

Pozgarria litzateke berandu baino lehen, haize berriak benetan astinduta, desilusio bihurtzen hasi dena irauli eta herritarren eskura jartzea.