Ander PEREZ ZALA
DONOSTIA

35/02 epaiaren aurkako mobilizazioa Donostian

«Sentimendu eta pentsaera ezberdinetako» hainbat herritarrek 35/02 auziaren sententziaren aurkako mobilizazioa antolatu dute Aste Nagusirako. Hitzordua abuztuaren 8an izango da Donostiako Gipuzkoa plazan, 17.30ean, eta «Politikari eta kulturari aterik ez itxi. Herrikoak libre!» lelopean Estatu espainoleko Auzitegi Gorenak berretsi zuen sententzia salatuko dute. Herritarrei dei egin diete «politikari eta kulturari ateak ezin zaizkiela itxi» salatzeko.

Herritar talde batek agerraldia egin zuen atzo, Donostian, 35/02 auziaren sententziaren harira azken asteotan lortutako atxikimenduak eta Donostiako Aste Nagusirako prestatu duten mobilizazioa aurkezteko. Kattalin Miner eta Agus Rodriguezek «pertsona ezagun eta ez hain ezagun» askoren 800 bat atxikimenduak aurkeztu zituzten, eta horrekin batera, sententziaren aurkako mobilizazioaren hitzordua jakinarazi zuten: abuztuaren 8an, Donostiako Gipuzkoa plazan, 17.30ean. “Politikari eta kulturari aterik ez itxi. Herrikoak libre!” lelopean, mobilizazioa «maniFESTAzioa» izango dela nabarmendu dute antolatzaileek, izan ere, mobilizazioarekin batera bidean hainbat kultur adierazpen izango dira, «desagerrarazi nahi dituzten elkarteen aberastasunaren isla».

2002ko apirilean hasi zen prozesua, eta ekainean Estatu espainoleko Auzitegi Gorenak Auzitegi Nazionalaren sententzia berretsi zuen, eta 107 lokal konfiskatzeko agindua eman zuen. Horrekin batera, hogei pertsona zigortuak izan ziren kartzela, gaitasungabetze eta isun zigorrekin. Horien artean, Donostiako lau pertsona (Joseba Alvarez, Joseba Permach, Agus Rodriguez eta Juani Lizaso) eta bost lokal (Hontza, Marruma, Herria, Haritza eta Txalaka) konfiskatuko dituztela gogorarazi zuten atzo.

«Sentimendu eta pentsaera ezberdinetako herritarrek» bat egin dute «halako arazoak amaitu» behar direla aldarrikatzeko, eta gogorarazi zuten «Franco jeneralaren garaitik egin den zigorrik handiena dela, sindikatu eta alderdi askoren jabetza eta egoitzak konfiskatu zirenetik».

Herritar taldeak gogorarazi zuen elkarte hauen itxieraren ondorioetako bat izango dela «150 pertsonak euren lanpostua galduko dutela». Herriko tabernak «kezka politiko eta sozialak dituzten elkarte eta pertsonentzako topaguneak» direla nabarmendu zuten antolatzaileek Nautikoan egin zuten agerraldian.

Era berean, gogorarazi zuten oraindik badirela hamaika herritar prozesu judizial desberdinak dituzten epaiketa baten zain daudenak. Hain zuzen ere, udazkenean Askapenako hainbat kide epaituko dituzte, eta irailean hasiko den beste prozesu batean beste 40 militante independentista.

Adierazpen instituzionala

Antolatzaileek “Eskubide zibil eta politikoen aldeko” adierazpen instituzionalaren berri eman zuten. Duela «2-3 aste mozio gisa» aurkeztu zuten adierazpena Donostiako Udalean, eta hirian ordezkaritza duten alderdi politikoei ekimenarekin bat egiteko eskatu zieten atzo. Mozioa biharko Udaleko osoko bileran eztabaidatuko dutela zehaztu zuten, gai zerrendako 14. puntua izanda. Mozioak «mota honetako erasoak amaitzea» eskatzen du eta elkartasuna adierazten die «sententzia politiko berri hau jasango duten hainbat elkarte eta pertsonari».

Adierazpenak gizarteko eragile eta pertsona askoren atxikimendua jaso du, horien artean Kattalin Miner mugimendu feministako kidearena, Fito Rodriguez idazlearena, Danele Sarriugarte idazlearena, Iñaki Egaña historialariarena, Eneko Olasagasti zinemagilearena, Xabier Peñalver Aranzadiko kidearena, eta Beñat Gaztelumendi bertsolariarena. Eragileei dagokienez, Komite Internazionalistak, Alde Zaharreko Arrano Beltza Euskal Tokiak, Askapenak, Eguzkik, LABek, ELAk, Ze Esatek! musika taldeak, Euskal Herrian Euskaraz-ek, AHTren aurkako mugimenduak, eta 2016 Desokupatuk eman diote atxikimendua, beste hainbat eragilerekin batera. 800 bat atxikimendu lortu dituzte eta atzoko agerraldiaren ondoren erregistratu zituzten Udalean.

Adierazpenean azaltzen dutenez, «ozen aldarrikatu nahi dugu, aurrera urratsak, konponbide justua, denok garaile izango garen eskeman soilik etorriko dela», eta zigortutakoen absoluzioa eta herriko tabernen zigorraren indargabetzea eskatzen dute.

Sententziak «eragiten dituen kaltetu guztiekin elkartasuna» adierazten dute babesleek, eta «helburu honen baitan, konpromisoa hartzen dugu gure esku dauden elkartasun zein salaketa ekimenak bultzatzeko», berretsi zuten.