Amalur Artola
Kazetaria
IKUSMIRA

Ilunpetan bizitzen ikasten ez duenak...

Pasa den astean, ilunpetan nire etxeko leihotik zerua leherrarazten zuten tximistei begira nengoen artean, izeba-osaben etxeko koadro elektrikoak su hartu eta festa ederra izan zutela kontatu didate gurasoek. Trantzea pasatuta, bizilagun dituzten nire gurasoek helarazi zieten halakoetan horrenbeste desira dugun elektrizitatea.

Gertaerak haurtzarora eraman nau, ekaitzak hiria itzaltzearekin batera harremanak pizten zitueneko garaira. Mahai-jokoei pilatutako hautsa kentzen genien momentura. Gure etxean horren ohikoak ziren berdura pureen ordez ogitarteko hotzak afal zitezkeen egunetara. Telebista ikusi ordez ipuinak irakurtzen genitueneko garaira. Eta, batez ere, kandelen argitan elkarren ondoan eseri eta beste ezerk ez bezala hurbilarazten gintuzten elkarrizketa haietara.

Nerabezaroan geure burua torturatzen ikasten dugunetik (irakasten digutenetik?) aurrera, dena da ezberdin. Orduan ikasten dugu zer diren «isiltasun ezerosoak» eta, nola ez dakigula, ingurukoekin ilunpetan eta isilik egotea munduan egon daitekeen gauza itogarrienetakoa bilakatzen da. Agian, horregatik erregutzen dugu telebista, musika aparatua, bideokontsola… biziaraziko duen argindarra lehenbailehen itzul dadila. Ahaztu egin zaigulako inguruan ditugunen ondoan egonean egoten, egoeratik erreskatatuko gaituen ezein tramankuluren beharrik gabe.

Honek guztiak pertsona bezainbeste irakurketa izan ditzakeen Sarriren poema baten esaldi bat ekarri dit gogora: «Ilunbetan bizitzen ikasi arte ez dugu / argi bizitzen jakingo». Hor geratzen da hori.