Fredi Paya
Bertsolaria
JO PUNTUA

Udako galernak

Itsasertzeko bizimoduan udako egun asko pentsaera eta bizitza filosofia berekoak dira. Sekta bereko egunak dira. Era berean jaiotzen dira denak, oskarbi urdin eta eguzki amandrearen urrezko orrazia laser ezpata bihurtzeko bidean.

Eguerdi sargoria, hondartza bete jende, udatiarrei errenditu, barkamena eskatu eta sonbrillak entregatzeko eskatzen dieten begirada lokalak. Txalupa eta belaontziek Abra bete dute eta bazkalosteak frogatu ohi du berandu jaikitzen direnak ere pertsiana direla.

Arratsalde erdirako haizeak norabidea aldatu du eta ordura arte meloi soberakinak biltzen zebiltzan ugazabandreak zerura adi paratu dira, euren kanpamentu nomadaren aitzinean xutik. Etxeko seinaren (neba-arrebetan gazteena) izena entzungo da laster, mila izen batera, bakoitza bere frekuentziatik. Umeen erresistentziaren intentsitatea itsas gaineko zeruaren kolorearen eta egun horretako askariarekiko atxikimenduaren araberakoa izango da.

Baina ordu erdian taula gainekoak baino ez dira geratzen hondartzan, lanaldiaren amaiera elkarrekin irribarreak trukatzeko baliatzen duten sorosleekin batera.

Beti harritu izan nau hondartzetako inoiz elkarrekin entseatu gabeko ebakuazio gaitasun kolektibo bizkorrak.

Hala ere, lehenengo tantek galernaren zain geratutakoak busti dituzte. Eta handik gutxira zerua lur gainera jausi da, «justuri», «orgoi» eta euri zaparradaren hotsa.

Giroa freskatu eta garbitu, gaua logarri bihurtu eta non bizi garen gogorarazten digu galernak. Sekta bereko egunen amaiera basatia.

Politikagintzan ere galerna pare bat ondo etorriko litzaizkiguke.

Aldebakarreko bidea indartu eta beti beharrezkoa den negoziazioarekin zelan uztartu pentsatzeko galernatxo bat, alde batetik.

Eta bestetik, hainbeste sektorek eskatzen duen antolakuntza ereduari buruzko galernatxo bat. Herritar Batasunaren muga zaharretan egungoa baino jende gehiago sartzeko moduko galernatxoa.

Badakizue, giroa freskatu eta gauez ondo lo egiteko.