Gotzon Elizburu
Kazetaria
JO PUNTUA

Eredugarri

Gero eta atzerakada handiagoa eragiten dit norbait zerbait eta norbaitzuek egin dutena eredugarri izan dela entzuten dudanean. Norbaiten jarrera eredugarritzat jotzea, ohorea baino penitentziaren antzeko zama delakoan nago.

Norbait edo zerbait eredugarri dela diogunean, espektatiba batzuk eraikitzen ditugu. Onaren eta txarraren epaiketa antzuan sartzen gara eta eredu denak guk eraikitako espektatiba horiek betetzen ez dituenean dator frustrazioa. Alta, ahaztu dugu eredugarri jo dugun horrek berak ez duela eredugarri izateko konpromisorik hartu. Bere kondizio partikularren konplexutasun guztiaren baitan, egin beharrekoa ahalik eta ongien egiten saiatu dela, besterik gabe.

Greziako auzian Syrizak egin duen bidean ikusi dugu zer den aipatu dudan zama, «Europako ezkerraren etorkizuna» edo «Europa berriaren eraikuntzaren hasiera» bere bizkarraren eta soilik bere bizkarraren gain utziz.

Militantziaren eremuan ere sarri egiten da berba eredugarri izan beharraz. «Gure erantzukizuna da eredugarri izatea». Baina nor da beste inor, zuk zer egin behar duzun esateko? Zergatik izan behar dut eredugarri? Edo zer da eredugarri izatea?

Norbanakoak, bere ardura, kargu edo dena delakoagatik eredugarritzat hartzean traizionatua sentitzeko arriskua handia da, sarri askotan eredugarri izateak mitifikazioa dakarrelako. Eredugarri izan behar horretan, militante horri egin nahi ez duen zerbait exijitzera irits gintezke. Eta horrek ez du zerikusirik diziplinarekin.

Militantzia konpromiso askeko zerbait da. Bakoitzak erabakitzen du zer eman nahi duen eta noraino eman nahi duen. Beraz, zergatik exijitu behar zaio besteari zerbait? Eta zergatik epaitu? Militantzia eremu askea izan beharko litzateke. Errespetuzkoa eta ez behartua.

Dirudienez, ez gara jabetzen eredua zerbait estankoa dela, argazki baten antzekoa. Arrakastarako gakoa ordea, norberak bere kondizioen arabera berea egitea da. Izan zaitez zure eredu.