Nagore BELASTEGI
ESOTERISMOAREN

Sinetsiz gero eraginkorrak diren terapia naturalak

Gizakiak beharrezkoa du zerbaitetan sinistea, «taon, budan, jainkoan, unibertsoan edo naturan», xaman mexikar batek aipatu zuen bezala. Sinesmenek indarra ematen dute, eta arazorik izanez gero, horri sasoiz aurre egiten laguntzen dute.

«Direnik ez da sinetsi behar, ez direnik ez da esan behar», zioen Susana Oleak, sorginen inguruan Donostian ospatzen ari den Esoterismo eta Terapia Naturalen Azokako postuen artean. Bera urtero joaten da feria horretara eta buelta eman ostean zerbait erosi ohi du. Zortea ematen duten koloretako sorginei begira zebilen. «Oraindik ez dakit zein hartu, agian lanean zortea ematen duena, langabezian nago-eta». Alabari aingeruei deitzeko bola bat oparitu nahi zion, eta horren bila zebilen. «Haurdun dago eta esaten dute honelako bola bat sabelaren altueran eramanez gero, haurrak entzuten duela ateratzen duen txintxarri hotsa. Honela, jaiotzen denean, negar egiten duenean, bola mugituz gero lasaitu egiten dira, haurdunaldiarekin lotzen dutelako soinu hori», azaldu zuen Oleak.

Baina bola hauek badute beste esanahi mistikoago bat. Diotenez, duela milaka urte aingeruak gizakiekin batera bizi ziren baina zerura alde egin behar izan zuten. Penaz, bola hauek oparitu zizkieten lagunei, baldintza bat jarriz: bakoitzak berea erabili zezakeen, ez beste inorena. Hala, arazoren bat izanez gero, bola mugitu eta aingerua agertzen zen laguntzera. Hori dela-eta, bola hauek opari gisa ematen dira, eta jabeak bakarrik ukitu dezake. Triste edo kezkatuta dagoenean, bola mugitu besterik ez du egin behar aingeru guardakoa etortzeko.

Handik gertu Sergio Gozzi zegoen, bakoitzaren aingeru guardakoa pintatzeko gaitasuna duen medium antzeko bat. Bezeroekin hitz egiten duen bitartean, erretratu bat eginez doa. Erretratua bezeroaren aingeruarena da. Haren ustez, bakoitzak aingeru guardako desberdinak ditu bizitzan zehar. Horiek ez dira beti nahi ditugunak edo gurekin ondo eramaten ziren hildako pertsonak, baizik eta une horretan behar ditugunak, bizitzaren etapa bakoitzean aurrera egiten lagunduko digutenak.

Barneko indarra

Abuztuaren 9ra arte ateak zabalik izango dituen azokari ongietorria emateko yoga musika jo zuten eta xaman mexikar batek geure barneko gida espiritualarekin harremanetan jartzeko ariketak irakatsi zituen. Amaitzeko, dantzari bat gorputzak eskatzen zion bezala mugitzen hasi zen eta bertaratuek ere berdina egin zezaten eskatu zuen indarra kanporatzeko.

Izan ere, askotan geure barneko indar hori da mugitzen gaituena. «Depresioa izan nuen eta terapia naturalekin probatzea gomendatu zidaten. Ez nuen horretan sinesten, baina gero eta okerrago nengoen eta pentsatu nuen ez zidala gaizki egingo. Yoga egiten hasi nintzen eta neure burua terapia hauetan sinestera behartu nuen. Pixkanaka bizitzari kolorea ikusten hasi nintzen. Egia esan, nire barnean, oraindik ere, ez dut gauza hauetan sinesten, baina norberaren barne indarrean sinesten dut, eta honelako terapiek indar hori loratzen lagundu dezakete. Itxaropena ematen dute», aipatu zuen hunkituta Laia Nuñezek, kontatzea nahiago ez duen istorio latza atzean duen gazteak.

Miramar jauregiko beste areto batean postu koloretsu bat zegoen, harri boteretsu eta aromaterapia poteak eskaintzen zituzten beste batzuen artean. Paretan mandala itxurako koadroak zeuden eta mahai gainean denetik zuen: buruan jartzeko zintak, pitxiak, kamisetak, barruko arropa... guztiak koloredun patroiez josiak. «Holosintesia irudiz egindako homeopatia da, hau da, irudi bat hartu eta prozesu baten ostean disolbatu egiten da honelako marrazki bat sortzen den arte. Bakoitzak bere esanahia dauka eta gauza baterako balio du», aipatu zuen Idoia Cuestak.

Irudi horiek dituzten bibrazioek gorputzean eragiteko gaitasuna omen dute. «Lasterketa batean orkatila bihurritu nuen eta neraman eskumuturrekoa hankan jarri nuen. Min puntu bat banuen, baina amaitzeko gai izan nintzen eta etxeraino gidatu nuen ondoren», aipatu zuen zerbaitetan sinesten bada funtzionatzen duela frogatuz.