Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Orroka sabanako plazan

Lehoia gogoan. Ez Baionako Leon errege hori. Afrikako sabanan akabatu berri dutena. Akabua! Legez kanpoko ehiztari batek akabatu. Haren burua bere bulegoko horman eskegitzeko helburuz, lehoia hil helbidez. Izena ere ba omen zuen, lehoiaz nago; ehiztariak ere, seguruenik. Lehoia sabanatik legez kanpo zebilela esango bide du baten batek, justifikazio modura. Inoiz ez dut ulertu horman lehoien burua eskegi horrena, gehiago ulertuko nuke errege batena izango balitz; galzorian beharko lukeen espezie baten aleak izanda, hara! laguntze aldera. Tira, elefantea ere etorri zait burura! Hura ere ilegal omen zebilen sabanan, belarriak dinbili-danbala… Noizko kontrol gehiago sabanetan, piztiok errifle miratik kanpo ibil ez daitezen? Ehiztarien orro transgenikoak baino ez ziren han entzun behar!

Leon erregea aipatu dudala, zerbait ari da euskaldunen munduan aldatzen. Hori euskaraz egiten entzun dugu, lehenengo hitzetan gainera. Hizkuntzen kasuan ordena inportantea da; ez planetako mundu guztiez ari garenean. Eta Baionan legez Nafarroako erdialdeko balkoietan ere. Balkoien matxinada udan, mastak masta. Badirudi Bidasoaz bestaldeko balkoitik botatako giltzak ateak zabaltzen ari direla alde honetakoetan. Jai dugu! esate hori ulertzeko beste modu bat ari zaigu jaiotan zabaltzen.

Eta jaiez, horra Boisekoa! Balkoia ere! Ikurrina eta izarduna parean. Ikurrak, eta izarrak, ulertzeko modu desberdinak plaza berean. Euskarak, hemengo euskal lurraldeetan ere, ingelesaren laguntza duen seinale, jalgi hadi egiteko. Irudimena agintari! Gure esku dagoela esan da han ere; baten esanetan «voice-exit», edo hitza onartzen diguten edo haiena haientzat. Goodbye! esate aldera. Baina bitartean, hemengo euskal hiriburu batean ehiztariak zezen plazan, ezpataren miratik begira, errege baten txalo artean… orroka.