Ixabel Etxeberria
Irakaslea
JO PUNTUA

Etorkin

Aste hauetan munduan zehar ibiltzen aritzen gara, hau baita azken hamarkadek ekarri diguten askatasuna ez bada, erraztasuna. Herri batetik bestera bidaiatzeko ohitura hartu dugu, munduan barna ibiltzeko gero eta traba gutxiago ezagutzen joan gara. Bidaien prezioak jausten joan dira. Bidaia garatzen, inposatzen joan den sektore ekonomiko inbaditzailea bihurtu da. Era askotako bidaiak daude, batzuk besteak baino erosoagoak, ahalen araberan aukerak daude; horrela gehienek turismoa egiten dugu. Naturaltasunez egiten dugu, dokumentazio arazo asko gainditzen joan gara eta europar gehienentzat mugak pasatzea oso erraza bihurtu da.

Horrek bi problematika nagusi ekarri dizkigu. Alde batetik, eremu batzuk erabat itoak gertatzen ari dira; alegia, zonbait garaitan tokian tokiko turisten kopuruaren kudeatzeko dagoen gaitasuna gainditua dela. Horrela, irakurri dugu Kanarietako gobernuburuaren elkarrizketa, non turista kopuruaren mugatzeko beharra aipatzen duen. Turismoaren industriak tokiko errealitateak ez ditu kontuan hartzen, turista gehiegi ekarriz, eta, horrez gain, tokiko garapen ekonomikoari ez dio deus ekartzen. Alegia, turismo enpresa handiek soilik dute turismoaz etekina ateratzen, tokiko herritarrak itoak direlarik. Turismo industriaren mugak agertzen ari dira, gogoeta beharra dagoela erakutsiz, bereziki politikariek turismoaren garapena aipatzen duten gure lurraldean.

Bestetik, bidaiatzeko libertatea dugunok zer jarrera dugu gure herrietara sartu nahi duten herritarrekiko? Azken hilabeteetan gero eta herritar gehiago ikusten ditugu etxetik alde egiten, etxean gerla dutelako, askotan Europan ekoiztutako armekin eramandako gerlak. Ihesi doaz, familia osoak, non gelditu jakin gabe. Frantziako kanpo arazoetarako politikan erabaki oso gogorrak hartuak izan dira, herrialde osoak hustuak izan dira, bertan bizitzea ezinezkoa baita. Etorkin bihurtu dira gerlak piztu ez balira etxetik alde egiteko beharrik ez zutenak ere.

Europako ateak hetsi behar al dira? Europako politika batzuen ondorioak ez al dira jasaten ari? Alta, Valls jaunak dio frantses gobernuak arduraz eta humanitatez jokatzen duela. Gu bidaiari, hauek etorkin.