Ainize BUTRON
BAIONA
PEÑAK

Zahakin, 35 urte bestak euskalduntzen

Baiona Ttipiko Chaho Pelletier kaian kokatua, herritar guztiek ezagutzen dute Zahakin elkartea. Or Konpon peñako kideengandik oso hurbil, Zahakin, duela hogeita hamabost urte sortu zuen hogei bat gizonez osaturiko lagun talde batek.

«Donostian eta Iruñean bezala egin nahi genuen! eta Or Konponekoekin oso lagunak ginen. Haiek gu baino hiru urte lehenago sortu zuten beren elkartea eta guk haiengandik ikasi genuen», argitu digu Michel Maroteauxek.

«Zahakin elkarte gastronomikoa da, ez gara peña bat», zehaztu du sorreratik herriko jaiak euskalduntzea beren xede behinena izan dela nabarmenduta. «Lagun talde bat ginen, eta euskal kulturaren arloan herriari zerbait ekartzerik ahal geniola pentsatu genuen», azaldu du.

Hala, beste elkarte batzuekin batera, 35 urte daramate Baionako jaiak euskalduntzen.

Bestetan ikusten diren ziganteak sortu zituzten, eta ondotik danborradaren desfilea bultzatu zuten. «Gaur egun zigante horiek pixka bat zaharkituak daude baina, garaian, kristorena zen horrelako zerbait egitea. Lekuko prentsaren eta orduko udaletxearen artean jaiak gaskoi bilakatu nahi zituzten, eta euskal kultura lekurik gabe utzi. Guk, aldiz, lehenago zegoen euskal bestaren giroa berreskuratu nahi genuen», gaineratu du Zahakineko kideak.

Bere elkartea eta Or konpon sortu aurretik Baionan ez omen zegoen deus alor horretan, Maroteauxek adierazi duenez. Orain, berriz, ziganteen desfileak milaka lagun erakartzen ditu egunero, eta danborradan berrehun bat parte hartzaile biltzen dira. Azken urteotan, gainera, Zahakinek Banako dantza lehiaketa ere antolatzen du.

Lan asko gibelean

«Hasi ginelarik, Or Konpon eta gure elkartea zerbait mugitu nahi genuen bakarrak ginen. Urteekin, halere, Baionako jaiak asko euskaldundu dira helburu horrekin gibelean lan asko egin delako, baina, oraindik ere, lan asko geratzen da egiteko», adierazi du.

Izan ere, bere esanetan, bestak «diskoteka erraldoi bat» bilakatu dira. «Gauez ezin daiteke kalera atera, eta, Udalak ez du kemenik erakusten hori aldatzeko», salatu du.

Zahakinek hogeita hamabost bat kide ditu, eta denak gizonezkoak dira. «Iruñearekin harreman handia dauka gure elkarteak eta bi hirien artean zubiak mantentzen saiatzen gara», esan du Maroteauxek Iruñeko La Unica peñako kidea ere badela aitortuta.

Atzo bertan, Joseba Asiron Iruñeko auzapeza Zahakinen izan zen. Tortilla eskaini, eta bere ohorez aurresku bat dantzatu zioten.

Urtean zehar daramaten jarduerari dagokionez, gehienbat kideen arteko bazkariak egiten dituztela argitu du. «Halere, gutariko asko abesbatza ezberdinetan gabiltzanez, noizean behin ekimenak antolatzen ditugu urtean zehar».

Kide gehienak aitatxiak dira dagoeneko, baina, biharko elkartearen jarduera biziarazteko gazteak ere sarrarazten dituzte. «Eskaera asko ditugu», esan digu Maroteauxek. Alta, kide berrien sarrera kontrolatu nahi dute. «Ez dugu nahi edonor sartzea. Kide berriei euskaldunak izatea exijitzen diegu. Urtero, gutxi gorabehera, bi kide gazte berri sartzen dira eta lehentasuna gaurko kideen semeei ematen diegu», kontatu digu Zahakinen belaunaldi berria jadanik martxan dagoela erakutsiz.