Edorta Jimenez Ormaetxea
BOISETIK

Jaialdi 2015 arrakastatsua, bost egunen kronika laburra

Honezkero historia da Jaialdi 2015. arrakasta hitzak laburtzen du bost gauez eta bost egunez bizi izan duguna. Boisen, AEBetako Idahoko hiriburuan. Meritua antolatzaileen zereginari zor zaio, inolako zalantzarik gabe. 1987an hemengo hau abiarazi zutenek amestu ere ez zuten egiten aurtengora etorri den jendetza inoiz etor zitekeenik. Munduko bazterretatik etorri ere. Bill Douglass, izen nagusia izan dena, Nevada estatuko Reno hiritik etorri da.

Uztailak 29 ditu gaur. Zortzi orduko bidea egin dugu honaino Billek eta biok. Bere Toyot Tundra azulean, bera gidari. Bazkaltzeko hiru ordu laurdeneko geldialdia egin dugu. Horraino hizketan, horren ostean isilik, bidean ikusi dugun lehenengo ibaiak, inguruko landareen artean berde, gogoa berpiztu digun arte. Azkenean, orduari begira eta begira iritsi gara.

Behin hotelean maletak zabaldu ditugu. Billek jaka ahaztuta utzi du Renon. Nik, argazki makina. Zorionez, azken orduan, goizaldeko seiak aldera, 26an, jaka hartu nuen. Bill horrexekin agertu ahal izango da protokolo ekitaldietara. Bidaiako argazkirik ateratzerik ez dugu izango, ostera. Jaka jantzita Aulestiko bere familiarekin duen afarira joan. Basque Block hartu dut nik jomuga.

Iluntzea da. Sartalderantz doa eguzkia, ortzian su antzekoaren isla utziz. Hau beroa. Tabernara noa. Jendetza dago. Horko horri zerbitzariak adina egiaztatzeko identifikazio dokumenturen bat eskatu dio. Pasaportea. Ondo dela eta ea ba zer hartu behar duen. Gizonezko gazteak eskumuturrean xingola bi daramatza. Batak edan ahal izateko adina urte badituela eta besteak kale honetako lekuetan alkohola edateko eskubidea duela bermatzen dute. Bakarra nahikoa litekeen arren, bi. Kolorez eta, biak elkarren ezberdinak.

Bost, horrek, Gernika tabernako zerbitzariari. Gernika hau ez dago Gernikan. Atzoko edo auskalo noizkoa den hau ez da egungo Euskal Herria. Boisen ez dago inongo biloak erakutsiz adina frogatzerik. Ez eta kalean edaterik, ez eta gernurik uzterik ere. Horixe, eta kalean porrurik erretzen ez dela, gaur iluntzean behintzat Hego Euskal Herrikoa den kale honetan nabarmena. Baita hizkuntzarena ere. Ingelesa da nagusi.

Izena Grove duen kale labur honetan EAEko lehendakari jauna, Iñigo Urkullu ikusi dut. Pozik, itxuraz, eta apal, esango nuke, argazkirako paratzeko eskatu dietenei baietz esanik lotsaz bezala jartzen izan baita. Ez dakit lehendakari tituluaren pisua hemen han baino historikoagoa denetz. Etorri egin da, horra. Beste batzuk ere etorri gara. Kalea betetzeko adina lagun. Nor bere zoroak bizi du eta ez naiz inori bere zioez galdetzen hasiko. Gaur behintzat. Bihar, asteazkena, betebehar akademikoak ekarri dituenak adituko ditut eta, horiena bai hemen egoteko arrazoizko arrazoia. Idahoko Estatu Unibertsitatean bilduko dira, ‘‘Joan Etorri/Going Back and Forth’’ gaiaren inguruan, Basque Studies 2015 Simposium delakoan. Hona gonbidatu nauen William Douglass, Bill, honezkero konturatuko zineten, bihar hitz egitekoa da.

Gernika tabernako solomoa, ogi tartean eta piperrek lagundurik; horixe afaldu dut. Lekutan dira munduko Gernika guztiak, hau da hau solomoa. Gazteak adina nola, halaxe ahalko nuke nik orain diodana frogatu. Solomo ederrak kontsolaturik, hotelera. Bill hunkiturik dago. Tarte guztiz ederra izan omen da aulestiarrekin igaro duena.

Asteazkena. Zazpiak. Billek goiza nik baino arduratsuago hartu du. Telebistan kirolak txekeatzen. San Frantziskoko Giantek zer egin duten. Kostatu zait galdu egin zutela ateratzea. State Universityko ia atean gaudela aitortu du. Herriaren opioa hemen baseball delakoa da. Bada droga gogorragorik ere. Basque Studies delakoa bera, beharbada. Sarrera hitzak bertoko alkatearen anaiak esan ditu. Hiru edo lau euskaraz, gero ingelesez. Hortik aurrerakoak, ingelesez. Belarri asko izan dituzte adi. Zenbait tartetan 210 belarri, buruak zenbatuz ondorioztatu dutenarekin bat. Buruetako batzuk, argiak, jakintzaz jantziak omen, frogak erakusteko tartea eman zaie.

Gizalegeak eskatzen duen hitza, lehenik eta behin, EHUko erretore Iñaki Goirizelaiari eman zaio. Bedi berak mundurako nahi duen EHU hori. Hurrengo, Etxepare Institutuaren ordezkari Mari Jose Olaziregi mintzatu da, ingelesez airos. Aizpea Goenaga izan du mahaian, proiekzioan irudiekin laguntzen. Eloisa Garmendia Chair sortuko dela iragarri dute. Bertoko unibertsitatean. Betor. Etorkizuna behar da eta. Bide batez, betor gure hizkuntza munduan zabaltzeko bideez hausnarketa zabala.

Goiz honetan izan dugun giroan dena litzateke posible, gogoan izanik beti ere arrastiko azken hizlariak, John Odiagak, esan duena. Euskaldun bi diren lekuan hiru iritzi, aditzen omen zituen etxean zaharrak esaten. Eskerrik asko, John.

Bihar, osteguna, mahai inguru erakargarria dugu agindurik. Ibarretxe lehendakari ohia, Gure Esku Dago Jon Camioren bitartez eta Joshua Fisher. Dena gure esku dagoela frogatzen saiatuko zaizkigu. Boise sinbolikoki den Gernikan, Boiseko Gernika tabernan atzoko gazteak ez bezala, hitzen heldutasunaren bidez erakutsiz garenaren adina. Bitartean, gaur sinposioan Willlim Douglass omendu dute. Berak eta Jon Bibaok paratu zuten ‘‘Amerikanuak’’ liburuak mende erdia bete du. Arrauntxoa oparitu diote ontziri gabeko arrantzaleari. Gero, ospitalera joan-etorria. Zenbait orduz hemengoa amaitutzat jo dut.

Osteguna. Arratsaldeko lau eta erdiak. Grove Hotel. Evergreen Ballroom. Betekada. Gure Esku Dago (GED) ekimenaren kantua. Boiseko alkate Bieter jauna etorri da zeremonia-maisu. Haatik, Ibarretxe aitortu du politikan bere maisu. President baino lehen major izen zelako. Boise-Laudio konexioa? Ibarretxek, ingelesez atera duen liburua aurkeztu du, ingelesez eginez gehienbat. ‘‘All together or not at all/It is time to weave wills’’. Itzulpena? Ez zuten eman. AEBetan urteak eman dituen kazetari baten hitzetan, Gospell meza. Egia, ze Ibarretxek ‘‘Zenbat gera?’’ kantatzeari ekin ziolarik Billek berak ere eutsi zion, hitzak buruz esanez.

Euskaraz badakiela, gero, Leku Ona jatetxean, Ispasterreko Zabala jaunarekin hizketan eginez erakutsi du. GEDrenak itzel poztu du. “Imajinatzen duzu honelakorik Madrilen?”, belarrira esan dit, txaloka bera ere. Bide batez, zein ondo jardun zuen Jon Camiok. Bejondeiola, horrelako ordezkariak behar ditu edozein kausak. Dantzari eta aizkolari, dotore eta zehatz, NBEra bidaltzeko modukoa.

Ostirala. Eguerdia. Boise Center and Grove. Lehendakariak, Urkullu jaunak, Reception ekitaldia eskaini digu. Jendetsua. Atzo GEDren ekitaldian izan zirenak berton dira. Gehi ordu berean Grove Hotelean egon baziren ere hartara agertu ez zirenak. Ekitaldiaren ostean, hoteleko bazterren batera joan zirenak, Ibarretxe ere tartean zela. Ekitaldien lekuen artean ehun metrorik ez da, zenbat ote dauden batean eta bestean esan zirenen artean? Ibarretxek erukutsi zigun bideoa eta Jaurlaritzarena, enbor bereko ezpalak. Konfliktorik gabeko EAE, bai, zeren eta horren eremutik kanpoko irudirik bat ere ez bideoetan.

Horiek alde batera, ekitaldiak maila erakutsi zuen. Lehendakaria eroso, erraztasunez eta gertutasunez. Poztu naiz, kanpoan denok basque garelako. Halaxe esan diot, elkarren eskuak estutu ditugunean. Begietan sakoneko pozaren dirdira, hona lehendakari etortzearen esangura bizi du, ez dut zalantzarik. Sinposioaren maila aipatu diot. Baietz, eta ezin zuela. Egia. Hemengoaren berri zehatzago duen batek une horretan Idahoko Gobernadorearekin bilera zeukala esan dit. Douglassi hauspotxoa oparitu diote. Harrera ekitaldian. Horren ostean eta kasik bertan, eraikinaren kanpoaldean, EAJren 120 urteak ospatzeko ekitaldia. Ortuzar eta alkatea. Lehendakaria. Ibarretxe. “Gora Euskadi askatuta”, oihu egin du Ortuzarrek. Boiseko Kapitolioan AEBetako bandera eta ikurrina daude. Hemengo argiak ederturik.

Larunbata. Arratsaldeko seiak. Gernika taberna. Jaialdi honetako azokan izan gara. Sargoria. Estalpekoan saltokiak atondu dituzte. Liburuak, jan-edanak, artisautzakoak, denetarik. Nafarroako Gobernuaren gunea ere badago eta, horra Billeren hitzetik hortzerakoa, “jai hau ez zen ba bizkaitarra?”.

Igandea. Bill eta biok Hemingwyren azken etxea ezagutzera goaz; bidean hortxe ikusi dugu Mountain Country Festival delakoaren gunea. Jaialdi 2015 hori baino arrakastatsuagoa izan dela esan dute. Bertoko telebistek. “Amerikanuek” antolatutakoa, nire proposamen apala hurrengo bost urte baino lehen egitea.